“Urte amaieran hasiko gara eraikitzen hondakinen arazoari erabateko konponbidea emango dion zentroa”, hitz hauekin iragarri zuen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatuak, Markel Olano Ahaldun Nagusiarekin batera, aurreko astean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eginiko batzarrean, 2016 hau amaitu baino lehen eraikitzen hasiko direla Zubietako erraustegia. Zehazki lau tratamendu planta kokatu asmo dituzte Zubietan:
-"Energia balioztatzeko planta bat, bi linea izango dituena eta 200.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango duena".
-"Tratamendu mekaniko-biologikoko zentro bat (TMB), errefusan agertzen diren baina birzikla daitezkeen materialak berreskuratuko dituena".
-"Biometanizazio-planta bat".
-"Zepak balioztatzeko zentro bat".
Hondakinen afera behin betiko konpondu nahi dute, "teknologia eta ingurumen kontrolik aurreratuenak" izango omen dituzten planta hauekin. Tratamendu gune honen jasangarritasuna defendatzen du Aldundiak. “Hondakinen aferari behin-betiko irtenbidea ematea -jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurunearekiko irizpideei jarraiki- legealdi honetako helburu estrategikoetakoa da. Eta pausu sendoak ari gara ematen norabide honetan”, zioen Markel Olano diputatu nagusiak.
Aldundiaren aurreikuspenak
Hondakinak kudeatzeko aurreratutzat jotzen duten gune hau, Europar Batasunaren politikekin eta ekonomia zirkularraren kontzeptuarekin bat datorrela dio Aldundiak. Udaberri honetan bertan hasiko dira gauzatzen, hondakinak errausteko duen plana. Honatx Diputazioak eman asmo dituen urratsak, datozen hilabeteotan:
-Udaberri honetan: "Zubietako hondakinen zentroa" deitzen diotena eraikitzeko baldintza-agiriak esleituko dituzte. Lehen fasean, "balioztatzeko planta eta TMB zentroa eraikiko dira" dio Aldundiak. 200 milioi euro inguruko kostua izango omen du.
-Irailean: eraikitze lanok esleituko dituzte.
-Urtea amaitu baino lehen: eraikitze lanak hasiko dituzte.
GHK pribatizatzearen aurka
Zubietako "hondakinen zentroa" Diputazioa zorpetu gabe gauzatu nahi du Aldundiak. Horretarako, honakoa bururatu zaie eta hitzokin azaldu du Aldundiak. "Gaur egun GHK Administrazio Publikoen sektorearen barruan sartzen denez gero, haren aktiboak eta zorrak Aldundiaren kontuetan finkatzen dira. Hori dela eta, proiektua Aldundia eta kontsortzioko gainerako kideak zorpetu gabe garatuko bada, eta jada Inbertsioen Europako Bankuaren finantziaziorik ez dugunez gero, Aldundiak erabaki du formula publiko/pribatu baten bidez (PPP- Public Private Partneship) kudeatzea zentroa, betiere obra publikoko emakidaren kontratupean.
PPP irudi horren bitartez, Kontsortzioak bazkide pribatu batekin kontratatuko du plantaren eraikuntza, finantziazioa, jarduna eta mantentze integrala; 30-35 urteko epea izango duen kontratua izango da. Bazkide pribatu horrek finantzatuko du osorik jarduna, bere arriskupean, eta horren ordainetan plantak sortzen duen energia ustiatu ahal izango du, gehi GHK-k zerbitzuagatik ordainduko duen zenbatekoa.
Edonola ere, energia-salmentaren zein zerbitzuaren ondoriozko ordainketa hori baldintzatuta dago. Batetik planta denboraren barruan eta modu egokian eraiki beharko da eta, bestetik, behar bezala mantendu beharko da eta zuzen funtzionatu beharko du. Aurrez itxitako prezio bat du eta baliagaitasun-ordainketa bidez egingo da. PPP motako ereduak aukera emango du Administrazioaren zor gisa konputatu gabe garatzeko planta, eta bermatuko du epe luzerako efizientzia handiagoa.
GHK arduratuko da hondakinen altako kudeaketaz, baita transferentzia-estazioetan hondakinak biltzeaz eta plantaren oinera eramateaz ere; horrenbestez, Mankomunitateekin orain arteko harreman berari eutsiko zaio. Bestalde, bazkide pribatuarekiko harremanaz arduratuko da, eta haren egitekoak gainbegiratuko ditu, betiere haren jarduna ebaluatuta eta ordainsaria zerbitzuaren funtzionaltasunaren eta kalitatearen irizpide zorrotzen arabera definituta", dio Aldundiak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa pribatizatzearen eta erraustegiaren aurka elkarretaratu ziren hainbat lagun hain zuzen, Aldundiak azalpen guztiok eman zituen GHK-ren batzar hau ospatu zen egun berean, martxoaren 22an. Diputazio atarian bildu ziren.
Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia.