Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazio nazionala deitu du apirilaren 9rako Gasteizen. Apirileko bigarren larunbatean, 13:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, "11 eraso 12 erantzun. Feministok prest!" aldarripean. Mobilizazio honen bidez, indarkeria matxista salatu, mugimendu feministaren kriminalizazioa arbuiatu eta bortizkeriaren inguruko hausnarketa sustatu nahi dute deitzaileek.
Datorren manifestazio nazionalari atxikimendua adierazi zioten, Martxoaren 8ko elkarretaratzean parte hartu zuten usurbildarrek. "Feministok prest!" zioten kartelak eskutan zituztela taldeko argazkia atera zuten. Eta manifestazioko antolatzaileek, gauza bera egitera deitzen diete norbanako, talde zein eragileei. Apirilaren 9ko hitzorduari begira, atxikimendu kanpaina abiatu baitute, https://feministokprest.wordpress.com atarian. Bi modutara babestu daiteke Gasteizko mobilizazioa; "Feministok prest!" dioten kartelekin (irudiak blog horretan deskargatu ditzakezue) argazkiak atera eta feministokprest@gmail.com helbidera bidalita, #FeministokPrest traola baliatuta sare sozialetan zabalduz edota web orri berean dagoen formulario bat beteta. Apirilaren 4a baino lehen.
MANIFESTUA
11 eraso 12 erantzun, Feministok Prest!
Gaur egun, beharrezkoa eta ezinbestekoa deritzogu bortizkeriatzat zer ulertzen dugun birplanteatzea, bere konplexutasun guztiak eta bere foma anitzak ulertzeko markoa sortuz. Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik; kontu estrukturala da eta sistema batean oinarritzen da. Emakumeak beldurrean hezitzen gaituzte eta sinistarazi nahi digute gure gorputza ahula dela eta gizonena, berriz, erasokorra. Bortizkeria matxista ez da bakarra, baizik eta gure jendarteak eraikitzen duen egitura sendoa; feminismoak, egoera hori agerian uzteko eta aurre egiteko erantzunkizuna dauka.
Agintariak genero bortizkeriagatik oso arduratuak agertzen diren bitartean, errealitatearekin bestelakoa da: berdintasunaren arloan murrizketak ematen dira aurrekontuetan. sentsibilizazioan, bortizkeria matxista ekiditeko dauden baliabideak koordinatzen instituzioetan lanean dihardutenei gutxietsiz. Feminizidioa ez da kasualitate hutsa,kontua ez da gizon batzuek burua galtzea, eta ez dira inondik ere kasu isolatuak. Feminizidioak gure jendartearen erdigunean daude generoen instituzionalizazioaren bitartez.
Harreman bortitzak naturalak bailitzan lehenesten dituzte, maitasuna, jabetza moduan, jeloskortasuna eta kontrola; hauek normalizatzeaz gain, beste harreman ereduak ikustezin bihurtzen dituzte. Hau dela eta, arau horri ihes egiten dioten gorputzak eta harremanak bortizkeria matxista jasaten dute. Lesbianen kontrako erasoak, nerabe transexualek beren buruaz beste egitea, eta aniztasun funtzionala duten pertsonenganako erasoak ere bortizkeria matxistak dira.
Gaua eta jaiak bortizkeriarako espazioak dira. Gaua, alkohola eta permisibitatea aitzaia emakumeon kontrako erasoak zeharo areagotzen dira. Batzuentzat jaiak ondo pasatzeko espazioak diren bitartean, beste batzuentzat erasoak, bazterkeria eta beldurra sentitzeko espazioak dira.
Ekonomia kapitalistak zerbitzu sozialak murrizten ditu, eta emakumeenganako eragin haundiagoa dauka. Honek prestigiorik gabeko lanak egitera eta zaintzera behartzen du. Emakume etorkinek, esplotazioa eta isolamendu egoerei aurre egin behar die eta gure jendartearen herentzia arrazista eta kolonialista beraien gain utzi. Gaur egun, gainera, eraso sexistak neurri arrazistak justifikatzeko eta zabaltzeko erabiltzen ari dira, eta arazoaren arrazoia guztiz manipulatzen da.
Ez gara ez biktimak, ezta pertsona pasiboak ere, gure bizitzaren protagonistak baizik.Gure errealitatearen transformazio sozialean eragin zuzena duen sujetu politikoak gara. Arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromezuak hartzeko ordua , bortizkeria matxistak ekiditu eta emakumeak menpekotasun espazioan ezartzen dituen sistema eraldatzeko garaia. Badakigu bere jatorriak zeintzuk diren eta aurre egiteko prest gaude.
Euskal Herriko mugimendu feminista erasoei aurre egiteko prest dago, eta apirilaren 9-an Gasteizen hau plazaratzeko aukera ezinhobea izango dugu. Kaleak betetzeko gonbidapena egiten dugu, gure aliantzak erakusteko eta altu eta ozen eraso bakoitzaren aurrean egongo garela esateko prest gaude: 11 eraso, 12 erantzun, Feministok Prest! Erasorik ez erantzunik gabe!