10 urte bete ditu, Usurbilgo kultur agendak

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 31a, 11:17

Halakoetan esan ohi den moduan, nola pasatzen den denbora. 10 urte bete ditu, udalerri honetako kultur eskaintzaren berri ematen digun hileroko kultur agendak. Usurbilgo Udalak argitaraturiko agenda, 2006ko apirilean kaleratu zen lehen aldiz. Ordutik pentsa zenbat eta zenbat ikastaro, hitzaldi, proiekzio, antzezlan, ikuskizun, kontzertu, aurkezpen, erakusketa, bilera, jaialdi eta abar iragarri dituen eskuorri honek. Eta abar luze bat, zenbaezinak direlako 10 urteotan Usurbilen antolatu diren ekimenak. Eta zerrenda luzea osatuko genuke baita, kultur agendan iragartzeko eskaera bideratu duten talde, elkarte, eragile edota erakundeekin ere. Argazki eder bat utzi du behintzat kultur agendak; hilabeteko tartean antolatu ohi diren hitzorduak iragartzen dituen gida moduko hau, maiz gogorarazi izan zaigun herri bizi baten isla izan da azken hamarkadan. Urteekin, biziagotzen joan dena gainera. Azken urteotan, argi geratu baita, hilabete bat baino gehiagotan, ia astebururo badela ekitaldiren bat herri honetan.

Kultur agendak jarri izan dizkigu hitzordu guztion, egun, ordu eta lekuak, baita ekimen guztien nondik norakoen zehaztasunen berri eman ere. Hilero, argitalpen hau kaleratzeak, Udala eta herri eragileen arteko elkarlan eta koordinazioa eskatzen du. Hurrengo hilabeteko ekimenen bat iragarri nahi duenak, argibide gehiago jasotzeko lehen hamabostaldia amaitu baino lehen Usurbilgo Udaleko Euskara eta Kultura Sailarekin jarri behar du hartuemanetan, 943 371 999 telefono zenbakian, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita edo Potxoenerara gerturatuta. Eta iragarri nahi duen ekimenaren zehaztasunak eman behar ditu.

"Usurbil Kultura", klik batean

Bada ordea, ekitaldiak iragartzeko beste bide bat; 2013ko udaberritik martxan dena. Usurbil Kultura atariaz ari gara. Duela hiru urte emandako urrats berri honekin, ordura arte paperean zegoen edukiak sarera jauzi egin baitzuen. Ordutik, udalerri honetako kultur eskaintza http://kultura.usurbil.eus/eu/ atarian kontsulta dezakezue. Baina ekarpen gehiago egin ditu atari honek. Herri eragileen erabilerarako tresna ere bada eta. Aldez aurretik Udalean eskatu beharreko pasahitz batekin, herriko talde, elkarte, edo norbanakoek ekimenak iragartzeko aukera dute web orri honetan. Egun, bide hau erabiltzen dute nagusiki, datozen ekimenen berri emateko. Paperean argitaratzen den kultur agenda ere atari horretan bertan deskarga daiteke. Zalantzarik gabe, komunikazio tresna berri honek, ekitaldien berri emateko lanak erraztu eta iragartzeko bideak zabaldu zaizkie herri eragileei.

Egun beraz, paperean eta sarean irakur daiteke, 10 urte bete berritu dituen Usurbilgo kultur agenda. Apirilekoa jada, http://kultura.usurbil.eus/eu/ atarian duzue irakurtzeko moduan. Papereko edizioa egunotan jasoko duzue. Barruan, apirilak dakartzan ekitaldien berri; Andatzakoen mendi irteera, 4. Dantza Eguna, "Zirriborro" eta "Zartapa" antzezlanak, euskarazko literatura topaketa, kantu-jira, Olatz Korta eta Xabier Zubeldiaren musika emanaldia...

Apirileko kultur agendak ez du urteurren borobil honetaz ahaztu nahi izan. 10 urteak, azal berezi honekin oroitarazi nahi izan ditu Usurbilgo Udalak. Zorionak!