Aitziber, Arantxa, Jexux Mari, Itzalai, Janire... Eta hala hogeitik gora lagun zenbatu genitzake. Hogeitik gora herritar egun, gehiago izan dira azken sei urteotan, eta kide berriak ere erakarri nahi dituzte aurrera begira. Une honetan bereziki bidelagunen beharrean baita, Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko Mintzalagun egitasmoa. Izena emanda dauden zenbait bidaiari (edo "euskaldun berri"), bidelagun edo "euskaldun zahar" gehiagok izen emateko zain dira.
Hala adierazi zuten egitasmo honen sustatzaileek, jai egunon aurretik Potxoenean antolatu zuten Mintzalagunen lehen topaketan. Lagun arte giro ederrean euskara ahotan hartzen dutenen lana errekonozitu nahi izan zuten hitzordu xume honen bidez, Mintzalaguneko esperientziak partekatu eta kide berriak parte hartzea gonbidatzeaz gain. Bertaratu ziren parte hartzaileek argi zioten; mintzalagun izaten hasi, eta lagun izaten amaitzen dute. Euskara, bildu, elkar ezagutu eta harremantzeko bitartekoan bihurtzen da. Euskalduntzen ari diren bidaiarientzat, Mintzalagun baliagarria zela zioten, "beldurra galtzeko, euskaraz hitz egitera ohitzeko, hiztegia hobetzeko...". Bidelagunentzat pozgarria suertatzen da, euskara ikasten ari denak egiten dituen aurrerapausoak, alboan duen laguna euskalduntzeko bide horretan aurrera nola egiten ari den ikustea.
Erabilera sustatzeko tresna eraginkorra
Gaur egun, oro har 3-4 lagunez osaturiko 6 mintzalagun talde daude. Azkena duela hilabete osatu zuten bi lagunek. Talde bakoitza astean ordubetez biltzen da, kafetxo baten bueltan, naturaltasun osoz, sortzen diren gaiez, nahi denaz lagun arte giroan euskaraz hitz egiteko. “Lagun arteko elkarrizketa naturalak izaten dira”, euskaltegitik aipatu digutenez.
Euskararen erabilera sustatzeko, Mintzalagun egitasmoa, tresna praktiko eta eraginkorra dela diote AEK-tik. Hori erakutsi du urteotako bideak. Mintzalagunen bidez, euskara ikasten ari direnei euskaraz aritzeko esparrua zabaltzen zaie, askok ez baitute inguruan halako eremurik edota izanda ere erdaraz aritu izan baitira beti. Mintzalagunek modu nabarian eragiten du kasu batean baino gehiagotan. “Aste honetan esan didate bi lagunek, iaz euskaraz zen bilera batera joan zirela eta ez zutela ezer ulertu. Aurten berriz joan eta dena primeran ulertu dutela. Edo umea ikastolara eraman eta irakaslearekin orain bi hitz euskaraz egiten dituela beste batek. Pozgarria da”, AEK-koen esanetan. Euskaraz aritzeko esparrua zabaltzeko, Mintzalagunen jarraipena egiten dute, batez ere, “aztertzeko nola eman dezaketen beste urrats txiki bat bere inguruan, lanean, haurrekin, gurasoak badira irakaslearekin”.
Ekarpena bi aldeentzat
Mintzalagunek parte hartzaileei ematen dienaz ere galdetu diegu euskaltegikoei. Segurtasuna ematen diete batez ere bidaiari edo “euskaldun berriei”. Taldeko bidelagun edo “euskaldun zaharra” ezezaguna zaie hasieran. Baina euskaraz aritu ahala jabetzen dira bidaiari edo euskaldun berriak, bidelagunari adierazitakoa hark ulertzen duela, “eta hori beraientzako pauso oso handia da. Poztasun handia ematen die”. Euskaltegian ikasitako euskara eta kalekoa ulergarri egiten hasten zaien unea da, eta horrek gero klasean ere eragina izaten du. “Eragina du batez ere hartzen duten solturan, hiztegian, kaleko hizkera nabari zaie”, euskaltegitik diotenez. Eta kasu batean baino gehiagotan ikasleek tituluren bat ateratzeko zuten hasierako helburua lausotzen doa. Euskaraz aritu ahal izatea bihurtzen da haien erronka nagusia.
Bidelagun edo “euskaldun zaharrei” Mintzalagunek zer ekarpen egiten dieten galdetuta, “asko eman omen die. Horretan jarraitzen dute. Dabiltzanek ikusten dute, euren papera oso garrantzitsua dela euskara ikasten ari direnentzat. Euskalgintzan ekarpen handi hori egin nahi dute”. Paper garrantzitsua dute mintzalagun taldeetan. Taldeko erreferentean bihurtzen dira eta.
Termino aldaketa
2010ean abiatu zuen Mintzalagun egitasmoa Etumeta AEK euskaltegiak, Udala eta NOAUA!rekin elkarlanean. Berehala osatu ziren lehen taldeak. 20 bat lagun guztira; euskaltegiko ikasleak gehienak eta euskaltegitik eginiko telefono deiei baiezkoa emanez, konprometitu ziren euskaldun zaharrak. Orain bidelagunak deiturikoak. Bidaiari eta bidelagun terminoek ordezkatu baitituzte, betidanik ahotan hartu izan ditugun euskaldun berri eta zahar kontzeptuak. AEK-tik argitu digute aldaketaren zergatia, “soziolinguistika arlotik hitz baztertzaileak zirela ikusten zen”. Bidaiariak bidelagunen laguntzaz egiten duen bidea, euskalduntzearena litzateke, eta helmuga, euskararen erabilera.
Izen ematea zabalik beti
Lerrook irakurtzen ari zareten bat baino gehiago izan zaitezkete Mintzalagunak; bidaiari zein bidelagunak. Informazio gehiagorako jo Usurbilgo Udaleko Euskara Sailera, Potxoeneara alegia; NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzara edo Etumeta- AEK euskaltegira. Hiru guneotan jasoko dituzue argibide gehiago. Edozein kasutan, parte hartzeko interesa duzuenok, euskaltegian datu pertsonalen orri bat bete eta egoki adierazi, zer ordu eta egunetan ahal duzuen parte hartu egitasmo honetan. Ez dago zertan euskaltegian matrikulatua egon beharrik, Mintzalagunen parte hartzeko. Euskara ikasten ari denari euskaltegiak zehaztuko dieten gutxieneko maila bat izan behar du. Bidelagunak edo “euskaldun zaharrak” ez du irakasle izateko mailarik behar. Izen ematea urtean zehar, edozein unetan egin daiteke. Eta doan noski.
Etumeta AEK Euskaltegia
607 609 379
NOAUA! Kultur Elkartea
943 360 321
Usurbilgo Udala, Euskara Saila (Potxoenean)
943 371 999