Hilabetea estreinatu berri dugu ostiral honetan. Apirilak dakartzan ekimenen artean, bada nabarmendu beharreko hitzordu bat. Plazara, dantzara ateratzeko eguna izango dugu apirilaren 23a, dagoeneko herriko kultur eskaintzan bere tartea egin duen 4. Dantza Eguna ospatuko baita Usurbilen. Orbeldi Dantza Taldekoek egun osoko egitaraua josi dute; erromeria, ikuskizun edota dantza taldeen topaketekin. Aurtengoan, zenbait berrikuntza txertatu dituzte. Hasteko, goizetik hasiko dira ospakizunak; usurbildarrekin batera, Donostia eta Lekunberritik etorriko diren dantzariekin. Kalejira eta ekitaldia iragarri dituzte frontoian. Iaz, arratsaldez, dantza estilo ezberdinen erakustaldia egin zen pilotalekuan. Aurtengorako erromeria programatu dute antolatzaileek. Eta gauean, azken hilabeteotan ontzen aritu diren herriko dantzarien ikuskizunaren estreinaldi handia izango dugu. Dantza Eguneko unerik zirraragarriena; "Kanpaiak Jotzean" ikuskizuna.
Honatx datorren laugarren Dantza Egunerako josi duten egitaraua:
Apirilak 23, larunbata
11:00 Dantza Taldeei harrera. Partehartzaileak:
- Ortzadar Dantza Taldea (Lekunberri).
- Goizaldi Dantza Taldea (Donostia).
- Orbeldi Dantza Taldea (Usurbil).
12:00 Kalejiraren hasiera. Herriko gune desberdinetan geldialdiak egingo dira dantza saioak eskaintzeko.
13:30 Ekitaldi Nagusia frontoian.
14:30 Dantzarien Bazkaria.
18:00 Erromeria frontoian, Ortzadar taldearekin.
22:30 "Kanpaiak Jotzean" ikuskizuna, Orbeldi Dantza Taldearen eskutik.
Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.