Anberesko erraustegiko leherketaren aurrean: "Gipuzkoan ez dugu horrelakorik nahi"

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 1a, 11:22

Kezka eta haserrea eragin du azken orduotan sare sozialetan, otsailaren 26an Anberesen (Flandria) kokatua dagoen erraustegian izandako leherketa ikaragarriak. Leherketak erraustegia erraustu zuela esan daiteke, Argiak azken orduotan zabaldu duen ondoko bideoko irudiek erakusten duten moduan. Pello Zubiria aginagarrak idatzitako artikuluak jasotzen duenez, hondakin industrialak erretzen zituzten bertan. Leherketak hiru sute eragin eta suteok amatatzeko lau ordu behar izan omen zituzten. Leherketa, hondamendi egoera gisa definitu zuten suhiltzaileek.

Sare sozialetan bolo-bolo dabilen bideo eta albisteak, denetariko erreakzioak eragin ditu erabiltzaileen artean. Bertako hedabideen isiltasuna salatzen ari dira hainbat lagun. "Zergatik ez da medioetan albiste?" galdetzen dute. Halere, kezka nagusi, beste hainbat mezuetan; "eta gero esango digute ez dela arriskutsua". Edozein kasutan, albiste honek indartu egin du beste behin, errausketaren aurkako aldarria. "Gipuzkoan ez dugu horrelakorik nahi!", adierazi du beste hainbat erabiltzaileren artean, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, Facebook bidez. "Atzora arte ez genuen jakin otsailaren 26an Anbereseko (Belgika) erraustegia lehertu zela, hemengo komunikabideetan ez dutelako ezer argitaratu (Argian izan ezik). Errefusaren botere kalorifiko baxuagatik, zaborra erre ahal izateko gasa erabiltzen da eta honek eragin du leherketa. Gipuzkoarron ekonomian eta osasunean erraustegiak suposatzen duen arriskuaz gain, leherketa arriskua ere badu! Gipuzkoan ez dugu horrelakorik nahi!", adierazi dute ohar bidez.

Errausketaren aurkako agenda

Erraustegiaren aurkako ekimenek ez dute etenik. Usurbilen, apirilaren 15erako errausketaren aurkako ekimenak antolatzen dabiltza. Momentuz, honatx aurreratu diguten egitaraua:

Apirilak 15, ostirala, Udarregi Ikastolako jangelan:

19:00 Jakoba Errekondoren hitzaldia "Bizi baratzea".

20:30 Afari herrikoia borondatearen truk.

Ondoren, "Hil ondoren erraustuko ez dituzten kantarien biltzarra".

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es