Eraldatzen eta Kooperatzen formazio programen aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 4a, 06:55

Hernaniko Udalak Donostia-Beterriko udalekin batera (Usurbilgoa tartean), apirilaren 11tik ekainaren 18ra antolatu dituzten formazio saioak aurkeztuko dituzte astelehen honetan, arratsaldeko 16:00etan hasita, Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean.

Abiatzear diren bi formazio programetan izen emateko epea zabalik egongo da ostiralera arte, apirilaren 8ra arte. Apirilaren 11tik ekainaren 18ra, astero 3 egunetan izango dira klase presentzialak, Hernaniko Florida auzoa 28an, Gabriel Zelaia eraikinean, doan eta euskaraz. Formazio ikastaro hauetan apuntatzeko formularioa, usurbil.eus atarian sartuta bete dezakezue. “Eraldatzen, ekonomia sozial eraldatzailearen (ESE) inguruko formazio saioak izango dira. Hainbat gaien inguruko jakintzak eta gogoetak partekatuko ditugu, horien artean: energia, elikadura eta etxebizitza burujabetza; kontsumo kritikoa; zaintzak, etab. Beti ere, eraldatzaileak izango diren proiektuak garatzeko ahalduntzea eskaintzeko helburuarekin.

Kooperatzen programa berriz, ESEan oinarritzen diren enpresak sustatzeko ekintzailetza zerbitzua da. Edozein enpresa-ideia eredu sozial eta kooperatiboan sortzen laguntzeko formakuntza eta aholkularitza eskainiko dira bertan. Gainera, zeure enpresa garatu ahal izateko baliabideak eskainiko zaizkizu, hala nola, lantokia, finantzaziorako erraztasunak, etab. Honenbestez, talde eragile edo norbanako bezala landu ditzakezu aipatutako gaiak, izan herri mugimenduetan aritzeko edota enpresa bat sortzeko. Elkar ezagutu, saretu, proiektu amankomunak sortu, ikasi eta ezagutzak partekatzera etor zaitez!”, luzatu dute gonbita antolatzaileek. Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko: a-egia@hernani.eus