Apirileko ikastaro eskaintza prest

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 5a, 05:30

Eraldatzen eta Kooperatzen formazio saioen hasiera, Kantu Taldearen ikastaroaren segida, Sagarrondotik Sagardora zikloko hurrengo hitzordua edota KzGunearen trebatze saio berriak dakartza, apirileko ikastaro eskaintzak. Baita Oiardo Kiroldegitik helarazi diguten ikastaro interesgarri bat ere; "Nordic Walking" edo Ipar Martxa delakoa.

Kantu Taldekoen ikastaroa

Oporretako etenaldiaren ostean, gaurtik aurrera asteartero biltzen segiko du Kantu Taldeak, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan. Urtarrilean hasitako ikastaroari jarraipena emango diote gaurtik, Susi Elosegi ikastolako musika irakasleak bideratuko dituen saioetan. Gogoan izan bestalde, apirilaren 30ean ospatuko da hurrengo kantu-jira; iluntzeko 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

"Nordic Walking" edo Ipar Martxa, apirilaren 16an

Oiardo Kiroldegiak antolaturiko ikastaroa oinarrizkoa izango da. Apirilaren 16rako antolatu dute, larunbat goizez beraz, 10:00-13:00 artean."Ibiltzeko eta kirola egiteko modu ezberdin bat da. Bi makilen laguntzaz praktikatzen da, ALFA izeneko teknika erabiliz, erritmoa du eta gorputzeko hainbat atal lantzen dira: hankak, besoak, bizkarhezurra, enborra... Eta gainera, ingurunearekin bat egiten duzu!", berri eman dute antolatzaileek.

Ikastarorako izena, Oiardo Kiroldegian eman beharko da. Prezioa: 15 euro bazkideek, 30 euro bazkide ez direnek. Makilak 5 eurotan alokatuko dira. Argibide gehiagorako: 943 372 498.

KzGunea
, apirileko ikastaroak

Apirilean goizez, 09:00-13:00 artean irekiko dute KzGunea. Segidan, aurreikusiak dituzten hurrengo ikastaroak:

-Apirilak 4-15, 09:00-11:00: "Ofimatika tresnak: Libre Office".

-Apirilak 18-29, 09:00-11:00: "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".

-Maiatzak 2-11, 16:00-18:00: "Komunikatu zaitez Sare Sozialen bitartez".

-Maiatzak 12-23, 16:00-18:00: "Google aplikazioak zure kudeaketa pertsonalerako".

-Maiatzak 24, 16:00-18:00 "Youtube: Bideoak ikustea baino gehiago".

Informazio gehiago: 943 023 684 / tutor.usurbil@kzgunea.net edo kzgunea.eus

Sagarrondotik Sagardora zikloa

Alkartasuna Nekazal Kooperatibak antolaturiko ikastaro zikloko hurrengo saioa, apirilaren 30ean, 09:00-13:00 artean Potxoenean. Gaia: "Landareen bizimodua. Ilargiaren eragina". Xabier Akizuk eta Jakoba Errekondok bideratuko dute saioa. Informazio gehiagorako eta izen emateko:

943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

alkartasuna.eus

Antolatzailea: Alkartasuna Kooperatiba.

Eraldatzen eta Kooperatzen formazio saioak

Astelehenean aurkeztu zituzten eta abiatzear diren bi formazio programetan izen emateko epea zabalik egongo da ostiralera arte, apirilaren 8ra arte. Apirilaren 11tik ekainaren 18ra, astero 3 egunetan izango dira klase presentzialak, Hernaniko Florida auzoa 28an, Gabriel Zelaia eraikinean, doan eta euskaraz. Hernaniko Udalak Donostia-Beterriko udalekin (tartean, Usurbilgoarekin) batera antolaturiko formazio ikastaro hauetan apuntatzeko formularioa, usurbil.eus atarian sartuta bete dezakezue. “Eraldatzen, ekonomia sozial eraldatzailearen (ESE) inguruko formazio saioak izango dira. Hainbat gaien inguruko jakintzak eta gogoetak partekatuko ditugu, horien artean: energia, elikadura eta etxebizitza burujabetza; kontsumo kritikoa; zaintzak, etab. Beti ere, eraldatzaileak izango diren proiektuak garatzeko ahalduntzea eskaintzeko helburuarekin.

Kooperatzen programa berriz, ESEan oinarritzen diren enpresak sustatzeko ekintzailetza zerbitzua da. Edozein enpresa-ideia eredu sozial eta kooperatiboan sortzen laguntzeko formakuntza eta aholkularitza eskainiko dira bertan. Gainera, zeure enpresa garatu ahal izateko baliabideak eskainiko zaizkizu, hala nola, lantokia, finantzaziorako erraztasunak, etab. Honenbestez, talde eragile edo norbanako bezala landu ditzakezu aipatutako gaiak, izan herri mugimenduetan aritzeko edota enpresa bat sortzeko. Elkar ezagutu, saretu, proiektu amankomunak sortu, ikasi eta ezagutzak partekatzera etor zaitez!”, luzatu dute gonbita antolatzaileek. Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko: a-egia@hernani.eus