Euskal Herriko 56. Itzulia, Usurbildik igaroko da ostegunean

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 5a, 09:00

Aspaldiko partez, atzotik abian den Euskal Herriko 56. Itzulia Usurbildik igaroko da aurten. Ostegun arratsaldean, 14:30ak aldera helduko da Errekaldetik. N-634 errepidetik, Txikierdi, Kaxkoa eta Aginaga zeharkatuko ditu. Guztira, Lesakan hasi eta Orion amaituko den laugarren etapako 165 kilometrotik, dozena bat kilometro, udalerri honetako lurretan barrena egingo ditu txirrindularien Itzuliak:

4. etapa: Lesaka-Orio:

Apirilak 7, osteguna

12:50 Irteera Lesakatik.

14:32 aldera, Hernanitik, Galarretatik barrena Errekaldeko biribilgunera iritsiko da Itzulia.

14:35 aldera, Txikierdira.

14:37 aldera, Usurbilgo sarrerara.

14:39 aldera, Usurbilgo irteerara.

14:42 aldera, Aginagara.

Handik, Orio aldera joko dute. Orioko hondartzan amaituko da etapa, 17:10 aldera.

Etapa honen ibilbideari buruzko zehaztasun gehiago, hemen: Lesaka-Orio etapa

Itzuliko etapak

Apirilak 4, astelehena: 1. etapa: Etxebarria-Markina-Xemein.

Apirilak 5, asteartea: 2. etapa: Markina-Xemein-Amurrio.

Apirilak 6, asteazkena: 3. etapa: Gasteiz-Lesaka.

Apirilak 7, osteguna: 4. etapa: Lesaka-Orio.

Apirilak 8, ostirala: 5. etapa: Orio-Arrate.

Apirilak 9, larunbata: 6. etapa: Eibar-Eibar (bakarkako erlojupeko saioa).

Errepide mozketak

Adi honenbestez, ostegun eguerdi partean Usurbildik Donostia nahiz Orio aldera joan asmo duzuenoi, nahiz udalerrira zatoztenoi ere; N-634 errepidea itxi egingo baitute Errekaldetik Oriora tartean, Itzulia igarotzerakoan. Hori ostegunean. Ostiralean, Aia-Orioko tren geltoki paretik abiatuko da Itzuliko bosgarren etapa, 13:00ean. Honenbestez, ordu horren bueltan ere, apirilaren 8an, itxita egongo da N-634 errepidea, Orio inguruetan.

Haimar Zubeldia, lehiakideen artean

Aspaldiko partez, Euskal Herriko txirrindulari itzulia Usurbildik igarotzen ikusiko dugu. Eta lehiakideen artean, etxeko txirrindulari bat; Trek-Segafredo taldearekin lehiatzen ari den Haimar Zubeldia herritarra. N-634 errepide ertzeetara gerturatuta ikusi ahal izango da Itzulia. Bertaratu ezin duzuenok, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du etapa.

Informazio gehiago: itzulia.eus