Usurbil K.E.-ko jubenil nesken taldea: "Ezustekoa emateko aukera izango dugu"

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 6a, 09:30

Urduri, baina gogotsu. “Ondo joango zaigulakoan nago”, dio Mikel Alzagak, Usurbil K.E.-ko jubenil nesken eskubaloi taldeko entrenatzaileak. Denboraldi borobil askoa egin ostean, Euskadiko txapelketako azken faserako sailkatu dira. Asteburuan jokatuko dute Ermuan. Lehen postuetan sailkatzen diren taldeek gainera, Espainiako txapelketa jokatu ahal izango dute. Fase eta Kopako neurketa artean harrapatu dugu taldea eta aurten, Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioko hautatzaile laguntzaile aukeratu duten entrenatzailea. Bidasoan jokatu ostean, aurten Usurbila itzuli den Mikel Alzagak NOAUA!rekin hitz egiteko tartea du lerrootan, ate joka duten Euskadiko Txapelketako azken faseaz.

Euskadiko txapelketako amaiera faserako bidea aldapatsua izan da, bide erraza?

Mikel Alzaga: Denboraldi hasierako helburua, kadete eta jubenilen taldeak salbatzea zen. 8 taldetik bi jaisten ziren eta justu seigarren geratu ginen. Ez genuen fase honetan sartzea espero. Sailkatu diren taldeen artean, talde txikiena gu gara, baina aurkariei nahiko gerra eman diegu ligan.

Denboraldiko bigarren zatia gainera, neurketa guztiak irabazita amaitu duzue?

Euskadiko Txapelketako amaiera fase honetan sailkatzeko, bi partida berdindu eta beste guztiak irabazi genituen. Sailkapenean lehenengo postuan geratu ginen, baina gol kopuruagatik bigarren.

Amaiera fase honek, taldea ze unetan harrapatzen du? Zer aurreikuspen dituzue?

Aurkariak ezagutzen ditugu eta aurkariek gu ere bai. Orain inoiz baino sendoagoa dago taldea. Kadeteekin batera, taldea egiten gara eta ezustekoa  emateko aukera izango dugu.

Zer emaitza beharko zenukete, Euskadiko txapeldun izateaz gain, Espainiako txapelketa jokatu ahal izateko?

Hasiera batean bi talde bakarrik sartzen ziren, ia urtero gertatu ohi den moduan. Azken unean ordea Federazioak esan zuen hiru talde sartuko zirela eta hori guretzat oso albiste ona da. Behintzat, lehen hiru talde horien artean geratzea nahi genuke.

Espainiakoa jokatzeko sailkatuko bazinate, Euskadiko Txapelketako azken fasearen segidan dator?

Dena segidan dator. Lehen hiru postuetan sailkatzen bagara, zuzenean Espainiako sektorea jokatzera goaz. Ez dakigu ezer, non izango den... Sailkatzen bagara, gustura joango gara.

Prestaketa lan egun mugituak izango dira honako hauek? Oporrik ez zenuten izango?

Prestatzeko egun zailak, baina bizitzeko polita dira hauek. Oporrik ez dugu izan. Justu kontrakoa, lan bikoitza egin dugu. Entrenamendu saio bikoitzak, indar gehiagorekin egin ditugu, sendo iristeko. Oso motibatuta eta gogotsu gaude.

Hitzorduokin denboraldia bukatutzat emango duzue?

Orain fasean dugu burua. Baina senior neskek zer egingo duten zain gaude. Mailaz igotzen badira, guk ere hori nahi genuke, gure jubenilak ere hor igoko dira. Ahal dugun neurrian, haiek laguntzera goaz baita. 9 gara eta 6 jokalari uzten ditugu. Beraiek igotzen badira, guk maila handiagoa beharko dugu beraiekin igotzeko. Oraintxe Kopako txapelketa ere hastera doa. Denak batera harrapatu gaitu.

Asteburuko faseari begira, taldeari hitz batzuk.

Urte polita izan da honakoa, nik uste orain gerra emango dugula, dena merezi dugula. Gozatzera goaz. Oraintxe bertan, besteei gerra eman, ahal dugun sailkapeneko postu gorenean amaitu, eta ahal bagenu irabaztera joango gara. Kamiseta bat atera dugu, “helburu txikiak, handi bihurtuz” dioena. Gure helburuak txikiak dira baina seguru handi bihurtuko direla.

Euskadiko Txapelketako amaierako fasea Ermuan

-Apirilak 8, ostirala:

Aiala ZKE-Usurbil K.E.

Errotabarri-GF Zuazo

-Apirilak 9, larunbata:

Errotabarri-Usurbil K.E.

GF Zuazo-Aiala ZKE

-Apirilak 10, igandea:

Usurbil K.E.-GF Zuazo

Aiala ZKE-Errotabarri