Nafarroako Unibertsitate Publikotik Usurbila, hondakinen kudeaketa eredua ezagutzera

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 6a, 12:45

"Erreferenteak zaretelako", asteazken goiz honetan geure artean izan dugu Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkaritza zabal bat. Usurbilgo hondakinen kudeaketa eredua bertatik bertara ezagutzera etorri dira. Potxoenean izan dira lehenbizi, Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikari Ibon Goikoetxeak udalerri honetako ereduaren inguruko azalpenak eskaini dizkie. Eta gero, kalera irten dira; hondakinak kudeatzeko udalerri honek duen azpiegitura sarea ezagutzera.

Jatorri ezberdinetako 50 bat lagun ziren; baziren arabar, bizkaitar, gipuzkoar eta nafarrak, baina ikastaro honetako koordinatzaile eta irakasle Natxo Irigoienek azaldu digunez, "gehienak Euskal Herritik kanpokoak" ziren. Madril, Galizia, Asturias, Kantabria, Huesca, Zaragoza, Valladolid, Burgos edota Palentziako udal ordezkari eta teknikariak. Guztiak, asteartetik ostegunera, hiru egunotan, hondakinak biltzeko ereduaren inguruko ikastaro teoriko-praktikoa egiten ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasgelan azalpenak jaso eta gero handik kanpo, abian dauden esperientzia ezberdinak ezagutzen ari dira. Iruñerrian ibili ziren atzo; bertan indarrean duten bost edukiontzien sistema gertutik ikusten. Atez ateko bilketa ezagutzen izan dira gaur Usurbilen. Eta autokonpostatze nahiz konpostatze komunitarioen esperientziak ezagutzeko tartea hartuko dute ostegunean.

Usurbilen egin duten geldialdiaren zergatiaz galdetu diogu ikastaro honetako irakasle eta koordinatzaileari. "Usurbilgo bisita, erreferenteak zaretelako egin dugu. Atez atekoa Kataluniatik kanpo jartzen aitzindariak izan zineten. Eta aitzindariak zarete orain, hondakinen sortzez besteko ordainketa delakoa martxan jarri duzuelako", adierazi digu Irigoienek.

Egunotan egiten ari diren ikastaroa, antza aldez aurretik Katalunian antolatu izan dute. Bi orduko saioak egin izan dituzte astero eta hilabete luzez. Baina, "kanpoko jendeak joateko zailtasun handiak zituen. Horregatik, ikastaro hau Kataluniatik kanpo eskaintzea erabaki zuten. Gurekin hartueman estua dutenez, horregatik antolatu dugu Nafarroan eta modu trintona", Irigoienen esanetan.

Hondakinen gaia, pil-pilean Nafarroan

Hondakinen kudeaketa plan berria lantzen ari dira Nafarroan. Bertan pil-pilean dago hondakinen gaia. "Aukera piloa irekitzen ari dira. Dena aztertzen ari dira. Jendea halako esperientziak ezagutzeko irrikitan dago", adierazi dio NOAUA!ri Irigoienek. Nafarroako hondakinen kudeaketari loturiko errealitatearen errepaso azkarra egin digu. Beste hainbat eremuetan gertatzen denaren antzera, hondakinen kudeaketari dagokionean ere, Nafarroako zonaldearen arabera sistema ezberdinak aurki ditzakegu. Atez ateko bilketa, bereziki Sakana inguruan. Bosgarren edukiontzien sistema, Iruñerrian esaterako. "Eta gero oso indartsu sartu dira Nafarroako leku askotan, bilketarik gabeko sistemak; autokonpostatzean oinarriturikoak modu indartsu batean", nabarmendu digo Irigoienek.