Apirilaren 15eko erraustegiaren aurkako herri afarian izen emateko deialdia

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 7a, 08:34

Erraustegiaren aurkako agenda, hitzordu gehiagoz hornitua dator apirilean. Hasteko, ostegun honetan, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen konferentzia antolatu dute Astigarragan. Eta ekimen gehiago asteotan Usurbilen. Herritar talde batek, apirilaren 15eko iluntze eta gau parterako, hitzaldi, afari eta kantaldia antolatu ditu. Afarirako, zaborfesta@gmail.com helbidera idaztea eskertuko lukete antolatzaileek, zenbat jende gerturatuko den kalkulatu nahi lukete eta. Uda parterako prestatzen ari diren ekimenerako girotzen hasteko baliatu nahi dituzte hitzorduok. Afari beganoa izango da. Hilero bigarren ostegunetan Usurbilgo Gaztetxean ospatu ohi dena; oraingoan ostiralez eta Udarregi Ikastolako jangelan egingo da. Hitzaldi eta kantaldia ere programatu dira apirilaren 15erako.

Erraustegia Erabakia plataformak berriz, Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiari buruzko hitzaldia antolatu du apirilaren 22rako. Segidan dituzue hitzordu guztion zehaztasun gehiagoren berri:

Apirilak 7, osteguna

19:00 Konferentzia Astigarragako Udaleko udalbatza aretoan: "Osasuna eta Errausketa". Erraustegiak osasunean dituen kalte eta ondorio larriez arituko dira.

Hizlariak: Maialen Berridi, Aitor Alberdi eta Koro Zabaleta medikuak.

Antolatzaileak: Astigarragako Erraustegiaren Aurkako Mugimendua eta Herrikoi.

Apirilak 15, ostirala, Udarregi Ikastolako jangelan:

19:00 Jakoba Errekondoren hitzaldia: "Bizi baratzea".

20:30 Afari beganoa, borondatearen truk. Izen emateko: zaborfesta@gmail.com

Ondoren, "Hil ondoren erraustuko ez dituzten kantautoreen kantaldia".

Antolatzailea: herritar talde bat.

Apirilak 22, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Zer gertatzen da Bizkaiko Zabalgarbi erraustegian?".

Hizlaria: Gorka Bueno Mendieta, EHU-ko irakaslea eta ingeniaritzan doktorea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.