Ziztu bizian igaro da Itzulia Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 7a, 17:39

Konturatzerako etorri eta azkarrago, abiadura ezin azkarragoan igaro da Euskal Herriko 56. Itzulia Usurbil eta Aginaga paretik. Denbora gehiago eman dugu txirrindulariak noiz etorriko zain, Itzulia beraz gozatzen baino. Baina ikusgarria izan da eta txalotua, zaletuak N-634 errepide bazterretara gerturatu baitira. Atxegalde parean ginen eta gaztetxoen animu oihuak gertu entzuten genituen. Udarregi Ikastolako ikasle talde bat ere, ikasgelatik atera eta Itzulia ikustera jaitsi baita Atxegaldera.

Aurreikusia zegoen orduan, 14:30ak pasatxoan itxi dute errepidea. Hasi da segurtasun indarren, osasun zerbitzuen eta antolatzaileen ibilgailuen mugimendua. Auto kopurua ikusita, ondo baino hobeto babestuak doaz txirrindulariak. Eta handik gutxira, euri tanta artean hasi da kirolarien desfilea. Herritar bat baino gehiago, etxekoaren bila; ikusmen zorrotzena zuenak topatu du Haimar Zubeldia txirrindularien festan. "Pelotoian" zihoan. Eta esandakoa, ziztu bizian pasa dira denak Oriorantz.

Azken txirrindulari eta antolakuntzako ibilgailuak igaro diren bezain laster zabaldu dute gero, Itzulia igaro artean itxita egon den N-634 errepidea. Trafikoa, normaltasunera itzuli da berehala. Bai behintzat Donostiarako noranzkoan. Oriorako noranzkoan ez; gogoan izan, ostegun honetako etapa bertan amaitzekoa baitzen; hondartzan. Eta adi; ostiralean, Aia-Orioko tren geltoki paretik abiatuko da Itzuliko bosgarren etapa, 13:00ean. Honenbestez, ordu horren bueltan ere, apirilaren 8an, itxita egongo da N-634 errepidea, Orio inguruetan.

Gaurko etapa, Samuel Sanchezek irabazi du. Sailkapen orokorreko lehen postuan, Wilco Kelderman dago.

Informazio gehiago: itzulia.eus