Ziortzaren udako kanpaldirako izen emateko azken eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 8a, 09:13

"Lagun arteko abentura bila zabiltza?", hala bada, Ziortza Gazte Elkarteak badu zuentzako proposamen eder askoa hurrengo oporraldirako, uda parterako alegia. Uztailerako kanpaldia antolatu baitute, Usurbilgo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. "Uda gertu dugu eta beste behin ere martxan gara #kanpaldia16-ari begira!", iragarri dute sare sozialen bidez. Ohi bezala, bi txandatan banatuko dute kanpaldia; lehenengoa uztailaren 5etik 19ra, DBH-ko ikasleentzat izango da. Bigarrena, uztailaren 19tik 29ra LH 5-6 mailakoentzat. "Anima zaitez!", luzatu dute gonbita.

LH 5-6 eta DBH ikasten ari direnentzako antolatu duten aisialdiko ekimenerako izena aurrez emateko epea zabaldu dute jada. Ostiral hau, apirilaren 8a izango da inskripzioa bideratzeko azken eguna. Izen emate orriak, Ziortza Gazte Elkarteak Facebooken duen atarian, Parrokian edota Sutegi liburutegian eskuratu ditzakezue. Esku-orria datuekin beteta, Parrokiko postontzian utzi beharko da, edo bestela, datuak ziortzage@gmail.com helbidera bidali. "Ez dira epez kanpoko izen emateak onartuko", ohartarazi dute antolatzaileek. Gogoan izan, plaza kopurua mugatua izango da. Argibide gehiagorako: ziortzage@gmail.com edo WhatsApp bidez, 639 879 409 telefono zenbakian.

Ondoko irudian, Ziortzako begirale taldea.

Ingeles udalekuak antolatu ditu Udarregi Ikastolak

2004-2010 urte artean jaiotako gaztetxoentzako ingeles udalekuak antolatu ditu Udarregi Ikastolak, ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Ohartarazi dutenez, "jatorrizko ingeles hiztunak diren hezitzaileek gidatuta". Ingeles udalekuotan izen emateko epea zabalik egongo da apirilaren 23ra arte. Apuntatzeko, gerturatu ikastolako idazkaritzara.

Izena emandako ikasle kopuruaren arabera zehaztuko da udalekuotako prezioa. Baina antolatzaileek aurreikusten dutenez, gutxi gorabehera 300 eurokoa izango da gastua. Doakoa, hezitzailea etxean hartzen duen familiarentzat. Adin tartearen araberako bi multzo hauetan banatuko dira ikasleak:

A taldea: 2o08-2010 urte artean jaiotako haurrentzat.

B taldea: 2004-2007 urte artean jaiotako haurrentzat.

Ikastolen Elkartearen eskaintza

Ingeles udalekuoz gain, Udarregi Ikastola kide duen Ikastolen Elkarteak ere uda parterako aisialdi eskaintza zabala prestatu du; atzerriko egonaldiak, gazte egonaldiak, mendia eta pilota udalekuak, itsasoa, kultura edota surf udalekuak, udaleku ireki eta ibiltariak... Ekintzok 3-18 urte arteko haur eta gazteei zuzenduak daude. Matrikulazio epea zabalik egongo da, maiatzaren 6ra arte. Argibide gehiago: aisialdia.eus