EH-ko Mugimendu Feministak larunbatean Gasteizen deituriko manifestaziora joateko deia

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 8a, 00:45

Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazio nazionala deitu du larunbat honetarako, apirilaren 9rako Gasteizen. 13:00etan abiatuko da Bilbo plazatik, "11 eraso 12 erantzun. Feministok prest!" aldarripean. Mobilizazio honen bidez, indarkeria matxista salatu, mugimendu feministaren kriminalizazioa arbuiatu eta bortizkeriaren inguruko hausnarketa sustatu nahi dute deitzaileek. Albiste honetan beherago duzue, deitzaileek kaleratu duten manifestua.

Azken erahilketa salatuko da

Bidarten astearte arratsaldean ustez senarrak 34 urteko emakumea hil zuen kolpatuta, eta gizonezkoak gero bere burua hil zuen. Gasteizko manifestazioan, azken erahilketa honen gaitzespen ozena egingo dela iragarri dute. Ostiral honetarako, 18:00etan Bidarten ere mobilizazioa deitu dute hainbat eragilek. 

225 eragilek babestu dute jada, apirilaren 9ko mobilizazioa. Manifestazioarekin bat egin dutenen artean dira baita, ondoko irudiko usurbildarrak ere. Datorren manifestazio nazionalari atxikimendua adierazi zioten, Martxoaren 8ko elkarretaratzean parte hartu zuten herritarrek. "Feministok prest!" zioten kartelak eskutan zituztela taldeko argazkia atera zuten. Eta manifestazioko antolatzaileek, gauza bera egitera deitu diete asteotan norbanako, talde zein eragileei, https://feministokprest.wordpress.com atarian.

Egitaraua:

Apirilak 9, larunbata, Gasteizen:

11:30 Zumbareggaeton feminista Foru plazan. Gorpuztu zure amorrua kalejira Alde Zaharretik.

12:30 Kalejira Perkuneskekin, Foru plazatik.

13:00 Manifestazioa, Bilbo plazatik.

Amaieran, kalejira Rafa plazara. Traspasos Dantza, Rafa plazan.

15:00 Bazkaria Landatxon.

16:30etik aurrera, Landatxon:

-Las Kapritxosas eta Feministalderen eskutik, antzerkia.

-Amarauna.

-Sorpresa.

20:00etik aurrera, Gaztetxean: El Viruta, Tremenda jauría, DJ Tarantistak, Feminastrak. Afaria egongo da!

Antolatzailea: Euskal Herriko Mugimendu Feminista.

MANIFESTUA

11 eraso 12 erantzun, Feministok Prest!

Gaur egun, beharrezkoa eta ezinbestekoa deritzogu bortizkeriatzat zer ulertzen dugun birplanteatzea, bere konplexutasun guztiak eta bere foma anitzak ulertzeko markoa sortuz. Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik; kontu estrukturala da eta sistema batean oinarritzen da. Emakumeak beldurrean hezitzen gaituzte eta sinistarazi nahi digute gure gorputza ahula dela eta gizonena, berriz, erasokorra. Bortizkeria matxista ez da bakarra, baizik eta gure jendarteak eraikitzen duen egitura sendoa; feminismoak, egoera hori agerian uzteko eta aurre egiteko erantzunkizuna dauka.

Agintariak genero bortizkeriagatik oso arduratuak agertzen diren bitartean, errealitatearekin bestelakoa da: berdintasunaren arloan murrizketak ematen dira aurrekontuetan. sentsibilizazioan, bortizkeria matxista ekiditeko dauden baliabideak koordinatzen instituzioetan lanean dihardutenei gutxietsiz. Feminizidioa ez da kasualitate hutsa,kontua ez da gizon batzuek burua galtzea, eta ez dira inondik ere kasu isolatuak. Feminizidioak gure jendartearen erdigunean daude generoen instituzionalizazioaren bitartez.

Harreman bortitzak naturalak bailitzan lehenesten dituzte, maitasuna, jabetza moduan, jeloskortasuna eta kontrola; hauek normalizatzeaz gain, beste harreman ereduak ikustezin bihurtzen dituzte. Hau dela eta, arau horri ihes egiten dioten gorputzak eta harremanak bortizkeria matxista jasaten dute. Lesbianen kontrako erasoak, nerabe transexualek beren buruaz beste egitea, eta aniztasun funtzionala duten pertsonenganako erasoak ere bortizkeria matxistak dira.

Gaua eta jaiak bortizkeriarako espazioak dira. Gaua, alkohola eta permisibitatea aitzaia emakumeon kontrako erasoak zeharo areagotzen dira. Batzuentzat jaiak ondo pasatzeko espazioak diren bitartean, beste batzuentzat erasoak, bazterkeria eta beldurra sentitzeko espazioak dira.

Ekonomia kapitalistak zerbitzu sozialak murrizten ditu, eta emakumeenganako eragin haundiagoa dauka. Honek prestigiorik gabeko lanak egitera eta zaintzera behartzen du. Emakume etorkinek, esplotazioa eta isolamendu egoerei aurre egin behar die eta gure jendartearen herentzia arrazista eta kolonialista beraien gain utzi. Gaur egun, gainera, eraso sexistak neurri arrazistak justifikatzeko eta zabaltzeko erabiltzen ari dira, eta arazoaren arrazoia guztiz manipulatzen da.

Ez gara ez biktimak, ezta pertsona pasiboak ere, gure bizitzaren protagonistak baizik.Gure errealitatearen transformazio sozialean eragin zuzena duen sujetu politikoak gara. Arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromezuak hartzeko ordua , bortizkeria matxistak ekiditu eta emakumeak menpekotasun espazioan ezartzen dituen sistema eraldatzeko garaia. Badakigu bere jatorriak zeintzuk diren eta aurre egiteko prest gaude.

Euskal Herriko mugimendu feminista erasoei aurre egiteko prest dago, eta apirilaren 9-an Gasteizen hau plazaratzeko aukera ezinhobea izango dugu. Kaleak betetzeko gonbidapena egiten dugu, gure aliantzak erakusteko eta altu eta ozen eraso bakoitzaren aurrean egongo garela esateko prest gaude: 11 eraso, 12 erantzun, Feministok Prest! Erasorik ez erantzunik gabe!