"Lurrikara eragingo duen" erraustegiaren aurkako ekimena aurkeztuko dute larunbatean Donostian

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 8a, 03:03

Errausketaren aurka otsailaren 28an Zubietara egindako martxan iragarri zuten antolatzaileek; maiatzaren 29rako ekimen erraldoia prestatzen ari zirela. Larunbat honetan aurkeztuko dute. Errausketaren aurkako mugimenduak, eguerdiko 12:30etan Donostiako Gipuzkoa plazan agerraldi jendetsua iragarri du, "maiatzaren 29an lurrikara eragingo duen ekimenaren berri emateko". Deialdi honen harira, antolatzaileek sare sozialen bidez berri eman dutenez, "bitxikeria" bat gertatu da atzo (osteguna 7) zabaldu genuen errausketaren aurkako mugimenduaren deialdiekin. Biharko (larunbata 9) Donostiako prentsaurrekorako Ertzaintzak baimena ematen du, leku publikoa delako, baina euria egin ezkero arkupetan sartzeko Diputazioari eskatu behar zaio baimena. Eta guztiok osatzen dugun Diputazioak ukatu egin digu arkupeak erabiltzeko aukera. Bitxikeriak bitxikeria, deialdia mantentzen dugu bihar 12:30tan Gipuzkoa Plazan, maiatzak 29koa izugarrizko lurrikara izango baita!!!", iragarri dutenez.

Astigarraga, herri galdeketaren atarian

Erraustegiak herritarren osasunerako dakartzan kalteez ohartarazteko hitzaldiak eskaintzen ari da herriz herri Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea. Ikusmina sortzen ari dira. Ostegunean Astigarragako udalbatza aretoan izan ziren. "Gure taldearen izenean eskerrak gonbidatzeagatik. Oso ondo egon da!!! Edozeinek gehiago jakin nahiko balu, aurrerago hitzaldi gehiago egingo ditugu. Inork gehigo jakin nahiko balu, galdetu lasai", adierazi du taldeak, sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean.

Astigarragatik atera gabe, hondakinen gaia ere pil-pilean dute bertan. Bilketa sistemari buruzko herri galdeketa deitu dute apirilaren 17rako. Atez atekoa edota edukiontzien sistemen artean, zer nahiago duten erabaki beharko dute herritarrek. Honen harira, Errausketaren Aurkako Mugimenduak igandean 12:00etan Joseba Barandiaran plazan hitzartu ditu herritarrak, argazki erraldoia ateratzeko. Eta apirilaren 12 eta 15erako kotxe karabanak antolatu dituzte 16:00etan. Bertako udaletxe aurretik abiatuko dira.

Erraustegiaren aurkako agenda

Apirilak 9, larunbata

12:30 Maiatzaren 29ko ekimena aurkezteko agerraldia, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Apirilak 15, ostirala, Udarregi Ikastolako jangelan:

19:00 Jakoba Errekondoren hitzaldia: "Bizi baratzea".

20:30 Afari beganoa, borondatearen truk. Izen emateko: zaborfesta@gmail.com

Ondoren, "Hil ondoren erraustuko ez dituzten kantautoreen kantaldia".

Antolatzailea: herritar talde bat.

Apirilak 22, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Zer gertatzen da Bizkaiko Zabalgarbi erraustegian?".

Hizlaria: Gorka Bueno Mendieta, EHU-ko irakaslea eta ingeniaritzan doktorea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.