Errenta Aitorpen kanpainako autolikidazio proposamenak onartzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 11a, 08:00

Abian da 2015eko diru kontuak argitzeko Errenta Aitorpen kanpaina. Autolikidazio proposamena jasoko duzuen edo ez egiaztatu eta jasoko duzuenok, sarean kontsultatzeko aukera duzue helbide honetan: Autolikidazio proposamenak Eskutitz bidez ere helaraziko du Ogasunak. Aldundiak dituen aurreikuspenen arabera, 200.000 proposamenetik gora bidaliko dituzte etxeetara. "Azken kanpainan 238.811 proposamen bidali eta haietatik 213.444 onartu ziren, hau da, bidalitakoen %89,4", Gipuzkoako Foru Ogasunetik berri eman dutenez. Autolikidazio proposamena jaso duzuenok, astelehen honetatik onartzeko tramitazioa bideratzen hasi zaitezkete.

Egutegia

2015eko Errenta Aitorpena tramitatzeko epeari dagokionean, honatx kontuan hartzeko zenbait data:

-Apirilaren 6tik aurrera: autolikidazio proposamenak Ogasuneko web orrialdean ikusteko aukera. Proposamenok eskutitzez bidaltzen hasiko da Ogasuna.

-Apirilak 11-ekainak 25: autolikidazio proposamenak onartzea. Onartzeko bideak: 902 100 040 edo Ogasuna

-Apirilak 15-ekainak 6: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea (autolikidazio proposamena jaso dutenek, apirilaren 19tik aurrera). Oharra: epea luzatu daiteke, ordu libreak egonez gero.

-Apirilak 18-ekainak 25: aitorpenak aurkezteko epea.

Informazio gehiago eta hitzorduak eskatzeko: 902 100 040 edo gipuzkoa.eus/ogasuna

Hobaria, NOAUA!ko bazkideontzat 

Aurten 20 urte beteko dituen NOAUA! Kultur Elkarteko bazkide izateak abantaila bat baino gehiagoz gozatzeko aukera eskaintzen du. Baita urtemuga berezi honetan ere. Adi, zuetako askok hilabete honetatik aurrera tramitatu beharko duzuen Errenta Aitorpenari. NOAUA!ko bazkide zaretenoi hobaria aplikatuko zaizue, iaz NOAUA!ko bazkide izan eta zuen izen abizenak eta NAN zenbaki osoa (letra eta guzti) eman diguzuenoi bai behintzat. Hala egin ez duzuen bazkideok, datorren urteko errenta aitorpenean NOAUA!ko bazkidetza kontuan hartzea nahi baduzue, hobaria aplikatzea nahi bazenute alegia, deitu 943 360 321 telefono zenbakira, idatzi elkartea@noaua.eus helbidera edo etorri NOAUA!ko egoitzara, eta eman zuen izen abizenak eta NAN zenbaki osoa, letra eta guzti.