Erraustegiaren aurkako giza-katea, maiatzaren 29an

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 11a, 10:10

"Maiatzaren 29an, berriz, gure ahotsa ozen entzunarazteko aukera izango dugu". Hala adierazi zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, larunbat eguerdian Donostian egin zuen agerraldian. Agerraldirako lekua ez zuten kasualitatez hautatu; Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza atarian bildu ziren antolatzaileak, bertan amaituko baita maiatzaren 29rako deitu duten ekimen erraldoia. Onkologikoan hasi eta Diputazio pareraino luzatuko den osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea iragarri dute. "Zergatik hasi Onkologikoan? Ez dugulako han bukatu nahi. Zergatik bukatu Foru Aldundian? Bertan has daitekeelako behar baino persona gehiago Onkologikoan bukatzera eraman ditzakeen bidea", adierazi zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek.

Besteren artean, zubietar eta usurbildarrak bildu zituen agerraldian, ekimen erraldoi hau antolatzeko lan betean direla aurreratu zuten. Ekimen serioa bai baina koloretsua izango dela aurreikusten dute, "osasuna, azken batean, alaitasuna ere badelako. Horregatik lanean ari gara maiatzaren 29an musika, emozioak eta sorpresak ere falta ez daitezen". Herritarrei ekimenean parte hartzeko deia luzatzen diete. Hain zuzen, 5 kilometro luze izango dituen giza-katea osatzeko 5.000 lagun beharko dira eta gutxienez.

Erraustegia osasunerako kaltegarria dela irudikatuko dute giza-katearen bidez. "Alegia, badaudela datu zientifiko sendoak esateko hondakinak erretzea asoziatzen dela minbizi-kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, baita beste hainbat gaixotasun ugaltzearekin ere, erraustegi batetik 10 kilometroko inguruan bizi den populazioan", adierazi zuten.

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak dakartzan arriskuez ohartarazten dute. "Erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua da. Gainera, garestia da; alde horretatik, belaunaldi hau ez ezik gure seme-alabena ere hipotekatuko du. Eta hori gutxi balitz, birziklatze-bidean zein ekonomia zirkularreko bidean aurrera egitea ere oztopatzen du", zioten Donostiako agerraldian.

Ezagun egin duten esaldiarekin amaitu zuten ekitaldia; "Burua duenak ez  du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi".

"Noiztik dira modernoak erraustegiak?"

Zubietako erraustegiko eraikitze lanak urte amaieran abiatzekoak ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Instalazio moderno eta punta puntakoak izango omen dira Diputazioaren esanetan, "kontrol sistema zorrotzenekin" eraikiak. "Baina noiztik dira modernoak erraustegiak? Lehenengo erraustegia eraiki zen une beretik. Eta, garaian garaiko modernoenak izanda ere, oso kutsakorrak ziren orduan eta oso kutsakorrak izaten jarraitzen dute orain. Esaterako, Carlos III Unibertsitateko ikerketa-txostena, minbizia eta errausketa lotzen dituena, ez da oran dela 20 urtekoa, ezta orain dela hamar urtekoa ere, 2014koa baizik, eta erraustegi modernoak ere kontuan hartzen ditu. Anbereseko erraustegiak ere eztanda egin zuen, ez aspaldi-aspaldi, joan den otsailean baizik.

Bizkaiko erraustegia, adibidez, modernoa da, inon modernorik bada, orain dela hamar bat urte baino ez baitzen eraiki. Eta, hala ere, iaz 235.000 tona CO2 isuri zituen atmosferara, berotegi-efektuko beste hainbat gas eta elementu kutsagarri botatzeaz gain. Enpresak berak Estatuko Erregistroari emandako datuak dira, hau da, datu ofizialak (errealak are handiagoak direla susmatzeko arrazoiak badira, noski). Eta hainbesteko kutsadura sortzen duen instalazio batek ez du pertsonen osasunean ez ingurumenean eraginik izango?".

Pribatizazioaz eta energia balioztatzeaz

Erraustegi hitza erabiltzea saihesteko Aldundiak eginiko ahalegina ere agerian utzi nahi izan zuten baita. "Erraustegi hitza erabilita, zertaz ari garen nahiko argi ikusten da, beharbada argiegi. Gehiegizko argitasun horrek nonbait kezkatuta, Foru Aldundiak energia balioztatzeko planta esamoldea hobetsi nahi izan du. Baina esamolde honi gertatu omen zaio hainbat botikari sarriegi erabiltzearen poderioz gertatzen zaiena, alegia, eragingarritasuna galdu eta, trukean, dosia handitu egin behar dela. Hala, energia balioztatzeko planta eufemismoa motz geratu omen zaie, eta, trukean, Gipuzkoako Ingurumen Konplexua esaten hasi dira, konplexurik gabe. Norbaitek gauzak bere izenez ez deitzeko hainbeste esfortzu egiten duenean, logikoa da herritarrok pentsatzea ziria sartu nahi digutela".

Errauste planta proiektua enpresa pribatuen esku uzteko Aldundiak erakutsi duen asmoaz ere mintzatu zen Erraustegiaren Aurkako Mugimendua. "Lankidetza publiko-pribatua? Bai, kutxa publikotik zein herritarron poltsikoetatik sekulako dirutza atera eta esku pribatuetan uzteko lankidetza. Nola ez den enpresa interesaturik egongo? Zenbat eta kontratu leoninoagoa izan, gero eta enpresa interesatu gehiago, gainera. Hau da kasu horietako bat zilegi egiten duena ohiko galdera: agintari publikoek enpresa pribatuak kontratatzen dituzte zerbitzu bat eman dezaten edo alderantziz ote da?".

Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea

Eguna: maiatzak 29, igandea.

Ordua: 11:30.

Tokia: Donostian. Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.