Usurbil K.E.-ko jubenil neskak Euskadiko txapeldun eta Espainiako Txapelketarako sailkatuak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 11a, 10:00

Taldeko kamisetek zioten moduan, helburu txikiak handi bihurtzen ari da Usurbil Kirol Elkarteko jubenil nesken taldea. Ikusi bestela asteburuan lortu dutena; Euskadiko txapeldunak ditugu usurbildarrak! Zorionak! Ermuan jokaturiko azken faseko hiru neurketetatik bi irabazi zituzten, azkena galdu, baina ostiral eta larunbatekoa irabazita, esandakoa, Euskadiko txapelduna dugu jubenil nesken eskubaloi taldea.

Euskadiko Txapelketako amaiera fasea Ermuan: emaitzak

Apirilak 8, ostirala

Aiala ZKE 20-25 Usurbil K.E.

Errotabarri 26-22 GF Zuazo

Apirilak 9, larunbata

GF Zuazo 18-19 Aiala ZKE

Errotabarri 28-31 Usurbil K.E.

Apirilak 10, igandea

Usurbil K.E. 24-25 GF Zuazo

Aiala ZKE 28-30 Errotabarri

Espainiako Txapelketa, Ciudad Realen

Euskadiko txapeldun izateaz gain, Espainiako Txapelketarako ere sailkatu da Usurbil K.E.-ko jubenil nesken taldea. Apirilaren 22tik 24ra jokatuko dute aipatu fasea, Pozuelo de Calatravan (Ciudad Real):

Jokatuko duten sektorea: "E".

Jokalekua: Pozuelo de Calatrava (Ciudad Real).

Aurkariak: C. Pozuelo de Calatrava (Gaztela Mantxako lehen sailkatua), BM. Nazareno (Andaluziako laugarren sailkatua), eta EMD Aceuchal (Extremadurako lehen talde sailkatua).

Senior neskak ere, amaiera fasearen atarian

Orain arteko neurketa guztiak irabazi dituzte. Partida bakarrean amaitu dute aurkariekin berdinduta. “Baina berdinketa hori dela eta, matematikoki lehen postuan sailkatu dira amaierako faserako, jardunaldi baten faltan”, berri eman diote NOAUA!ri Usurbil Kirol Elkartetik. Gauzak honela, jubenil nesken antzera, senior nesken eskubaloi taldeak ere Euskadiko amaierako fasea jokatuko du datorren asteburuan, apirilaren 15etik 17ra. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lau talde onenak lehiatuko dira, eta bertan izango dira usurbildarrak ere. “Bi onenek Espainiako Zilarrezko Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatuko dute”, berri eman du Usurbil K.E.-k.