Eragile eta erakundeekin bildu nahi du, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 11a, 14:42

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT) erraustegia gaixotasunen areagotzearekin lotzen duten hainbat ikerketa zientifikoetako datuak ezagutarazten aritu da azken hilabeteotan, herriz herri. Tartean, otsaila amaieran Lasarten izan ziren. Hitzaldi hartara bertaratu zen lagunetako batek talde kideei galdetu zien, plazaratu dituzten datuon aurrean, hondakinen errausketak hilkortasun tasa eta gaixotasunak areagotzen dituela ikusirik, ia Aldundia taldearekin harremanetan jarri zen. "Inor ez da gurekin harremanetan jarri", erantzun zioten Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldetik. Halere, eskuartean zituzten datuak edonoren esku, eta bereziki erraustegia bultzatzen ari direnei aurkezteko nahia agertu zuten.

Euren borondatea gauzatzera doa orain OEIT; eragile sozial, sindikal eta politikoekin bildu nahi dute. "Gure datuak azaldu eta datuok aintzat hartzea nahi dugu, erabaki bat hartzerako orduan", azaldu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, astelehen goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. Taldekide Jose Cruz Ruiz de Villandiego eta Maialen Berridi medikuen esanetan, gutun formal bat landu dute bilera eskaera hau egiteko eta aurreratu dutenez, harremanetan jarri dira eragile askorekin. "Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Eusko Legebiltzarra, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Foru Aldundia, alderdi politiko guztiak, Zubieta inguruko zinegotzi eta alkateak, sindikatuak eta eragile sozialekin", adierazi dute.

Bereziki, erraustegia eraikitzeko ardura dutenekin biltzeko nahia agertu dute. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu lehenbailehen biltzeko errauskailua eraiki ala ez erabakitzeko azken hitza duten organismo eta erakundeekin. Aurrez aurre esan nahi dieguna da datozen asteotan, Gipuzkoaren etorkizuna eta jende askoren osasunari buruz erabakiko dutela, errauskailuek minbizia sortzen dutela, azterketa askok hala adierazten dutela eta, gutxienez, ardura printzipioa aplikatu dezatela. Gaia arduraz hartuz, ez luketela Zubietan errauskailu bat eraiki behar", adierazi dute. Bilera hauez gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egingo dutela ere iragarri dute, "data jartzeko zain gaude".

"Gurekin hitz egin eta gero hartu ditzatela erabakiak"

Otsaila hasieran, gaurko agerraldi gunean bertan, taldea Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean jendaurrean aurkeztu zutenetik, hitzaldi sorta eskaini dute herriz herri. Errausketa eta gaixotasunen areagotzea estuki lotzen dituzten nazioarteko hainbat ikerketa zientifiko entzutetsuetan bildu dituzten datuak ezagutarazten aritu dira. "Txosten epidemiologikoak ikertu ditugu eta horietan lortu ditugun emaitzak plazaratzen izan gara orain arte. Emaitza horiek oso esanguratsuak dira eta frogatuta daude hainbat txostenetan", adierazi dute gaur. Hitzaldiek ikusmina sortu dute. "Hainbat tokitan hitzaldiak ematen aritu gara, prentsan ere oihartzun handia izan dugu eta gaia kalean dagoela ikusi dugu. Jendartean kezka nabaria da. Jendeak kezka handia du bere osasunaren inguruan eta kezka handia du errauste planta batek sor ditzakeen gaixotasunen inguruan", azpimarratu dute. Horren adierazgarri, hitzaldiak eskaini izan dituzten aretoak nola bete diren. "Jendearen erantzuna ezinhobea izan da, ia areto guztiak bete ditugu, hau barne, Koldo Mitxelena, pasa den martxoaren 14an", gaineratu dute.

Hitzaldiak eskaintzeko eskaera gehiago jasotzen ari dira Gipuzkoako udalerri gehiagotatik. Bide hau jorratzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. OEITko medikuek behar diren sentsibilizazio eta dibulgazio ekimenekin jarraitzeko eta hala nahi duten eragile guztiekin biltzeko jarrera azaldu dute, hondakinen kudeaketaren gaiari dagokionean, herritarren osasuna babesteko erabaki arduratsuak har daitezen. 2004an Txingudiko Badian proiektatu zutenarekin bezala, Zubietako erraustegia ere geratu egin nahi dute. "Orduan taldeak bere argurdio eta ondorioekin, hau da, errausketak osasunean eragin txarrak sortzen dituela esanez lortu zuen Txingudiko errauste planta hura geratzea. Iruditzen zaigu arrazoi nahikoa dagoela, ikusteko erraustegiak osasunean eragin txarrak sortuko dituela eta halako proiektu bat ezin dela aurrera eraman", adierazi dute. Hain zuzen, datuon aurrean Diputazioa isilik dagoela nabarmendu dute. "Hondakinen kudeaketan eskuduntzak dituen Foru Aldundiak ez du osasunari buruzko azterketarik plazaratu eta ez du ezer esan errauskailuek osasunean eragiten duten kalteari buruz", esan dute.

Edozein erabaki hartu baino lehen eurekin hitz egiteko eskaera egin dute gaurko saioan. "Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia egiteko bere proiektua Aste Santuan aurkeztu zuen. Esan nahi diegu gure argudioak entzuteko eta gurekin hitz egin eta gero hartu ditzatela erabakiak, guretzako ez delako erabaki zuzena errausketa planta egitea Zubietan", diote.

Erraustegia, "sekulako arriskua ingurukoentzat"

Eraikitzen badute, Zubietan urtero 200.000 tona hondakin erreko dira. Horrek, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen esanetan, "sekulako arriskua suposatzen du inguruan bizi direnen osasunarentzat". Hilkortasun tasaren eta gaixotasunen areagotzea ekarriko du. Hala diote Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, 2004tik bildutako datuek. "Ikuspegi profesional hutsetik, ideologietatik at" jardun dute lanean, "herritarren osasuna zaindu nahi dugun medikuak garelako". Nazioarteko azterketa zientifiko zorrotzenak aztertzen aritu dira azken hamarkadan. Eta bildutako datuek, erraustegiaren eta gaixotasun zein hilkortasun tasaren areagotzearen arteko lotura berretsi baino ez dute egiten:

-%13 hazi daiteke heriotza-tasa orokorra, erraustegi batetik gertu bizi diren herritarren artean.

-%3,5 areagotuko dira minbizi kasuak, erraustegitik 3,5 kilometroko eremuan bizi diren herritarren artean.

-Zenbait minbizi mota ordea "asko areagotuko lirateke": biriketakoa %14 gehiago, gibelekoa %29 gehiago, leuzemia kasuen ondoriozko heriotza-tasa %21 gehiago, pleurazko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa %84 gehiago, behazuneko minbiziaren ondoriozko heriotza tasa %24 gehiago.

-Sortzetiko malformazioak, abortu eta erditze goiztiar gehiago egongo lirateke.

Denis Itxaso, agerraldi gunean

Kasualitateak (edo ez) zer diren. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak astelehen goiz honetan, 11:30etarako Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean iragarria zuen agerraldi hau. Ordu laurden pasatxo atzeratu beharra izan dute, aurretik leku berean programatua zegoen beste ekitaldi batengatik. Max sarien emanaldiaren aurkezpena antolatua zegoen. Aurkezpen honetan parte hartu duten erakundeen artean hain zuzen, errauste planta eraiki nahi duen Gipuzkoako Foru Aldundia zegoen. Eta Diputazioa ordezkatuz, Denis Itxaso Kultura Diputatua, 2015. urteko uda partera arte, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria izandakoa. Haien agerraldia amaitu dutenean aretoa utzi du. OEIT-ko kideek prentsaurrekoa hasi dutenean, aretora sartu da berriz une batez. Areto barruan zerbait utzia zuen. Utzitakoa hartu eta aretotik irten da. Medikuen agerraldian ez da geratu eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldetik, medikuek Aldundiarekin biltzeko egin duten eskaeraren berri jasotzeko ez du aukerarik izan.