Usurbilen jokatuko da, asteburuko senior nesken Euskadiko Eskubaloi Txapelketako azken fasea

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 12a, 02:57

Usurbil K.E-ko jubenil nesken eskubaloi taldea Euskadiko txapelduna izendatu duten berritan iritsi zaigu eskubaloi taldeen bilgunetik bigarren albiste pozgarria. Astelehen arratsaldean Euskal Eskubaloi Federazioan egindako zozketan, Usurbil hautatu dute, senior nesken Euskadiko Txapelketako azken fasea jokatzeko. Asteburuan izango da, apirilaren 15etik 17ra, Oiardo Kiroldegian. Gogoan izan, etxekoak, Usurbil K.E.-ko senior neskak sailkatuak daudela fase honetarako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lau talde onenak lehiatuko dira, eta bertan izango dira usurbildarrak ere. “Bi onenek Espainiako Zilarrezko Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatuko dute”, berri eman du Usurbil K.E.-k.

Senior nesken taldeak Kiroldegiko harmailak betetzera deitzen dituzte zaletuak. "Honaino lana eginez iritsi gara, entrenamenduz entrenamendu eta partidaz partida. Datozen hiru egunak garrantzitsuak dira, oso, baina gu borrokatzeko prest gaude, pistan dena emateko eta, batez ere, eskubaloiaz gozatzeko. Hemendik dei egin nahiko genioke afizioari, Usurbilen denez, Oiardo Kiroldegira azaltzeko gonbita luzatzen diegu, beharrezkoa baitugu hauen bultzada. Etxekoekin betetako harmailak baditugu, bat gehiago izango gara pistan. Zer, etxean geratuko al zara? Usurbil dudipe!".

Senior nesken Euskadiko Txapelketako azken fasea

Apirilak 15, ostirala

18:30 GF Zuazo-Indupime Basauri

20:15 Bera Bera-Usurbil K.E.

Apirilak 16, larunbata

17:45 Indupime Basauri-Bera Bera

19:30 GF Zuazo-Usurbil K.E.

Apirilak 17, igandea

10:00 Bera Bera-GF Zuazo

11:45 Usurbil K.E.-Indupime Basauri

Tokia: Oiardo Kiroldegia.

Taldeko kamisetek zioten moduan, helburu txikiak handi bihurtzen ari da Usurbil Kirol Elkarteko jubenil nesken taldea. Ikusi bestela asteburuan lortu dutena; Euskadiko txapeldunak ditugu usurbildarrak! Zorionak! Ermuan jokaturiko azken faseko hiru neurketetatik bi irabazi zituzten, azkena galdu, baina ostiral eta larunbatekoa irabazita, esandakoa, Euskadiko txapelduna dugu jubenil nesken eskubaloi taldea.

Euskadiko Txapelketako amaiera fasea Ermuan: emaitzak

Apirilak 8, ostirala

Aiala ZKE 20-25 Usurbil K.E.

Errotabarri 26-22 GF Zuazo

Apirilak 9, larunbata

GF Zuazo 18-19 Aiala ZKE

Errotabarri 28-31 Usurbil K.E.

Apirilak 10, igandea

Usurbil K.E. 24-25 GF Zuazo

Aiala ZKE 28-30 Errotabarri

Espainiako Txapelketa, Ciudad Realen

Euskadiko txapeldun izateaz gain, Espainiako Txapelketarako ere sailkatu da Usurbil K.E.-ko jubenil nesken taldea. Apirilaren 22tik 24ra jokatuko dute aipatu fasea, Pozuelo de Calatravan (Ciudad Real):

Jokatuko duten sektorea: "E".

Jokalekua: Pozuelo de Calatrava (Ciudad Real).

Aurkariak: C. Pozuelo de Calatrava (Gaztela Mantxako lehen sailkatua), BM. Nazareno (Andaluziako laugarren sailkatua), eta EMD Aceuchal (Extremadurako lehen talde sailkatua).