Herriak errioa biziberritzeko ekintza plana abiatzera doa Usurbilgo Udala

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 12a, 12:05

Duela hilabete pasatxotik martxan da Usurbilgo ur zikin gehienak bildu eta Loiolako araztegira garraitzen dituen kolektorea. Albiste ezinhobea errioarentzat, orain gutxira arte ur zikin guztiek errioan amaitzen baitzuten. Kolektore berria, bereziki Oriak eskertuko du zalantzarik gabe. Eta are gehiago, orain Usurbilgo Udalak esku artean duen egitasmo berriak; “Errioa bizi! Oria ibaiaren paisaiaren ekintza plana” izenekoak. Oriari “merezi izan eta ez duen presentzia” eman nahi diote errioari. Oria biziberritu. Eta horretarako plan bat abiatu du Udalak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Usurbil aitzindaria izan dugu hainbat gaietan. Baita kasu honetan ere. Eskualdeko paisaiari loturiko ekintza planak badira, baina udalerri mailakoak abiatzen lehena dugu herri hau. Egitasmoak ez du soilik, lurraldearen antolaketa kontuan hartuko. Hemen dator berrikuntza; baita errioaren bueltan bizi diren herritar eta eragileak ere. Eta herritar eta eragileon iritzi, ikuspuntu edota bizipenak. Horretarako, hiru faseetan banatuko den parte hartze prozesu bat abiatuko dute proiektu honen sustatzaileek. Errioaren biziberritzeaz, “herritarrek zer dioten” jakin nahi dute.

Lehen fasean, errioarekin lotura estua dutenengana jo nahi dute. Belaunaldi ezberdinetako herritar edota eragile ekologistengana. “Bertakoek baino hobeto inork ez baitute ezagutzen” Oria. Elkarrizketa erronda hau, udal teknikari eta ordezkariekin borobilduko dute. Gero, herritarren txanda izango da. Inkesta labur batean parte hartzeko aukera izango du usurbildar orok. Eta datozen asteotan bildutako ekarpen guztiokin, azken txosten edo diagnosia osatuko dute. Prozesu honen amaieran, etorkizunerako Oria biziberritzeko aukera edo proposamen ezberdinak aterako dira. Horretarako ordea, proiektu honen sustatzaileek herritar eta eragileen parte hartzea eskertuko lukete, egitasmoa aberastuko baitu.

Ondoko irudian, ezkerretik hasita, Euskal Herriko Unibertsitateko kide Mitxel Perez eta Peio Lozano eta Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea. Adi ze, datozen asteotan zuetako batek baino gehiagok, egitasmo honen berri eman eta zuen ekarpenak egitera gonbidatzeko Mitxelen telefono deia jasoko baituzue.

Ekintza plana lantzeko faseak

1-Apirilean zehar: elkarrizketa erronda errioarekin lotura estua duten eragile eta herritarrekin.

2-Maiatzean: inkesta herritarren artean. Eskuragarri egongo da usurbil.eus atarian, baita Usurbilgo erreferentzia guneetan ere. Aurrerago zehaztasun gehiagoren berri emango dute.

3-Uda parterako: herritar eta eragileen ekarpenekin diagnosia osatu asmo dute.