Apirilaren 18an irekiko dute, Haur Eskolan matrikulatzeko epea

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 13a, 08:45

Datorren astelehenetik aurrera, 2016-17 ikasturterako matrikulazio aukera izango da Haur Eskolan. Matrikulazioa goizez bideratu beharko da, 09:30-12:30 artean. Horretarako ordea, aurrez hitzordua eskatu 943 374 061 telefono zenbakian. Matrikulazio epearen baitan, apirilaren 26rako ate irekien eguna antolatu dute; 17:00etan euskaraz, 18:00etan erdarazko saioa. “2014, 2015 eta 2016 . urteetan jaio diren eta jaioko diren haruren familieok, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra aurreikusten baduzue, jarri gurekin harremanetan”, ohartarazi dute Haur Eskolatik.

"DBH bukatu eta gero zer?"

Galdera horri erantzuteko bilera sorta antolatu du Udarregi Ikastolak aste honetarako.  "Urtero bezala, aurten ere, orientazio departamenduak DBH bukatu ondoren egin daitezkeen ikasketa eta lanbide-irtenbideei buruzko bilera batzuk antolatu ditu", ohartarazi dute. Hemen datozen hitzorduen agenda:

Apirilak 13, asteazkena

17:00 Donostiako Zurriola+Barandiaran (Batxilergoak eta Lanbide-Heziketako zikloak).

Apirilak 14, osteguna

17:00 Lasarteko Institutua (Batxilergoak).

Oharrak:

-Bileren tokia: DBHko eraikineko bideo-gela.

-Bilerak, euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

Informazio gehiago: udarregi.eus

Ingeles udalekuak antolatu ditu Udarregi Ikastolak

2004-2010 urte artean jaiotako gaztetxoentzako ingeles udalekuak antolatu ditu Udarregi Ikastolak, ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Ohartarazi dutenez, "jatorrizko ingeles hiztunak diren hezitzaileek gidatuta". Ingeles udalekuotan izen emateko epea zabalik egongo da apirilaren 23ra arte. Apuntatzeko, gerturatu ikastolako idazkaritzara.

Izena emandako ikasle kopuruaren arabera zehaztuko da udalekuotako prezioa. Baina antolatzaileek aurreikusten dutenez, gutxi gorabehera 300 eurokoa izango da gastua. Doakoa, hezitzailea etxean hartzen duen familiarentzat. Adin tartearen araberako bi multzo hauetan banatuko dira ikasleak:

A taldea: 2o08-2010 urte artean jaiotako haurrentzat.

B taldea: 2004-2007 urte artean jaiotako haurrentzat.

Ikastolen Elkartearen eskaintza

Ingeles udalekuoz gain, Udarregi Ikastola kide duen Ikastolen Elkarteak ere uda parterako aisialdi eskaintza zabala prestatu du; atzerriko egonaldiak, gazte egonaldiak, mendia eta pilota udalekuak, itsasoa, kultura edota surf udalekuak, udaleku ireki eta ibiltariak... Ekintzok 3-18 urte arteko haur eta gazteei zuzenduak daude. Matrikulazio epea zabalik egongo da, maiatzaren 6ra arte. Argibide gehiago: aisialdia.eus