Danele Sarriugarteren "Erraiak", irakurketa topaketarako eskuragarri liburutegian

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 14a, 06:34

Apirilaren 27an Danele Sarriugarte idazlea etorriko da Sutegi udal liburutegira, arratsaldeko 19:00etan. Zazpigarren irakurketa topaketan parte hartuko du. "Danele Sarriugarteren "Erraiak" (Zilarrezko Euskadi Saria 2015) liburua izango dugu ahotan, eta idazlea bera gure artean egongo da, istorioaren barne muinak komentatzeko eta sortze prozesuaz hitz egiteko. Liburuaren ale ezberdinak jada, Liburutegian daude eskuragarri; izan ere, liburua aldez aurretik irakurriz gero, etekin handiagoa aterako baitiogu topaketari", antolatzaileen esanetan.

"Bikote haustura mingarri bat du abiapuntu eleberriak; emakumezko baten kontakizuna bakarrik iritsiko zaio, ordea, irakurleari, obsesio bihurtuta. Horregatik, ez ohiko intentsitatez barneratu da idazlea pertsonaiaren barrunbeetan, haren zokorik ezkutuenak, erraiak, agerian utziz, ez bere buruaren ez inoren aurrean biluzteko lotsarik gabe. Aldez aurretiko aurreiritzirik gabeko barne bakarrizketa batean murgilduta, protagonistak ordura arteko bere bikote harremanak xehatuko ditu, inoiz utzi ez duten mamuen aurrez aurre jarriz. Narratzaileak egurra banatzen du ezker-eskuin, eta egurra banatzen du bere buruarentzat ere, tonu ironiko nabarmenarekin. Egur ona, sutarako balio duena, esan gabe doa. Danele Sarriugarteren idazkera zorrotzak, irakurlea jartzen du beti jo puntuan, eta emoziozko erantzunak ez ezik, baita zentzumenezkoak ere eragingo dizkio. Kontzientziak astintzeko lehergailu gisa irakur daiteke eleberri hau".

"Zirriborro" antzezlana

"Klown kodean eta testurik gabe, Badut antzerki konpainiak Zirriborro antzezlana taularatuko du, udal liburutegiak antolatuta". Apirilaren 20an izango da, 18:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Emanaldirako sarrera doan izango da. Literatura topaketa eta antzezlan emanaldi hau, apirilaren 23ko Liburuaren Egunaren harira antolatu dituzte.

Informazio gehiago...

Ordutegia: 9:00-14:00 (irailaren 9ra arte).

Telefonoa: 943 360 692.

E-posta:  biblioteka@usurbil.net

Facebook: Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegia

Twitter: twitter.com/usurbib

Youtube: youtube.com/sutegi05

2015.URTEAN SUTEGI LIBURUTEGIAN MAILEGATUENAK (eta II):

LIBURUTEGI OROKORRA

1-EUSKARAZ: Eleberriak

IRASIZABAL, I., Aita gurea, 2015

AGIRRE, K., Atertu arte itxaron, 2015

FERRANTE, E., Adiskide paregabea, 2014

2-GAZTELERAZ: Eleberri gehiago

ABRISKETA, M., La lengua de los secretos, 2015

SANIEE, P., El libro de mi destino, 2014

LEMAITRE, P., Vestido de novia, 2014

3-IKUSENTZUNEZKOAK

ANARI, Zure aurrekari penalak, 2015 (Musika)

ZAZ, Paris, 2014 (Musika)

Loreak, 2015 (Pelikula)

La isla mínima, 2014 (Pelikula)