"Etxekoekin betetako harmailak baditugu, bat gehiago izango gara pistan"

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 14a, 11:27

Euskadiko txapeldun amaitu dezakete astea, Usurbil Kirol Elkarteko senior neskek. Asteburuan Oiardo Kiroldegian jokatuko duten azken fasean argituko da guztia. Hitzordu garrantzitsu hau abiatu bezperan, zaletuei deitzen diete senior neskek, bertara daitezen Kiroldegira. "Honaino lana eginez iritsi gara, entrenamenduz entrenamendu eta partidaz partida. Datozen hiru egunak garrantzitsuak dira, oso, baina gu borrokatzeko prest gaude, pistan dena emateko eta, batez ere, eskubaloiaz gozatzeko. Hemendik dei egin nahiko genioke afizioari, Usurbilen denez, Oiardo Kiroldegira azaltzeko gonbita luzatzen diegu, beharrezkoa baitugu zuen bultzada. Etxekoekin betetako harmailak baditugu, bat gehiago izango gara pistan. Zer, etxean geratuko al zara? Usurbil dudipe!", luzatu diete gonbita herritarrei.

Asteburuan Kiroldegian biziko dena ez galtzeko, hona hemen jokatuko dituzten neurketen agenda:

Senior nesken Euskadiko Txapelketako azken fasea

Apirilak 15, ostirala

18:30 GF Zuazo-Indupime Basauri

20:15 Bera Bera-Usurbil K.E.

Apirilak 16, larunbata

17:45 Indupime Basauri-Bera Bera

19:30 GF Zuazo-Usurbil K.E.

Apirilak 17, igandea

10:00 Bera Bera-GF Zuazo

11:45 Usurbil K.E.-Indupime Basauri

Tokia: Oiardo Kiroldegia.

Taldeko kamisetek zioten moduan, helburu txikiak handi bihurtzen ari da Usurbil Kirol Elkarteko jubenil nesken taldea. Ikusi bestela asteburuan lortu dutena; Euskadiko txapeldunak ditugu usurbildarrak! Zorionak! Ermuan jokaturiko azken faseko hiru neurketetatik bi irabazi zituzten, azkena galdu, baina ostiral eta larunbatekoa irabazita, esandakoa, Euskadiko txapelduna dugu jubenil nesken eskubaloi taldea.

Euskadiko Txapelketako amaiera fasea Ermuan: emaitzak

Apirilak 8, ostirala

Aiala ZKE 20-25 Usurbil K.E.

Errotabarri 26-22 GF Zuazo

Apirilak 9, larunbata

GF Zuazo 18-19 Aiala ZKE

Errotabarri 28-31 Usurbil K.E.

Apirilak 10, igandea

Usurbil K.E. 24-25 GF Zuazo

Aiala ZKE 28-30 Errotabarri

Espainiako Txapelketa, Ciudad Realen

Euskadiko txapeldun izateaz gain, Espainiako Txapelketarako ere sailkatu da Usurbil K.E.-ko jubenil nesken taldea. Apirilaren 22tik 24ra jokatuko dute aipatu fasea, Pozuelo de Calatravan (Ciudad Real):

Jokatuko duten sektorea: "E".

Jokalekua: Pozuelo de Calatrava (Ciudad Real).

Aurkariak: C. Pozuelo de Calatrava (Gaztela Mantxako lehen sailkatua), BM. Nazareno (Andaluziako laugarren sailkatua), eta EMD Aceuchal (Extremadurako lehen talde sailkatua).