Kirol lehia biziaz gozatzeko aukera izango da gaurtik hasi eta asteburu osoan, Oiardo Kiroldegian. Euskadiko Txapelketako azken fasea jokatuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4 talde onenek. Eta onenen artean ditugu, Usurbil Kirol Elkarteko senior neskak ere. Zuazo, Basauri eta Bera Bera izango dituzte aurkari. “Bi onenek Espainiako Zilarrezko Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatuko dute”, berri eman du Usurbil K.E.-k. Neurketa garrantzitsuon aurrean, zaletuei, usurbildarrei, Oiardo Kiroldegira gerturatzeko deia egin diete. "Honaino lana eginez iritsi gara, entrenamenduz entrenamendu eta partidaz partida. Datozen hiru egunak garrantzitsuak dira, oso, baina gu borrokatzeko prest gaude, pistan dena emateko eta, batez ere, eskubaloiaz gozatzeko. Hemendik dei egin nahiko genioke afizioari, Usurbilen denez, Oiardo Kiroldegira azaltzeko gonbita luzatzen diegu, beharrezkoa baitugu hauen bultzada. Etxekoekin betetako harmailak baditugu, bat gehiago izango gara pistan. Zer, etxean geratuko al zara? Usurbil dudipe!", adierazi dute senior neskek.
Senior nesken Euskadiko Txapelketako azken fasea Usurbilen
Apirilak 15, ostirala
18:30 GF Zuazo-Indupime Basauri
20:15 Bera Bera-Usurbil K.E.
Apirilak 16, larunbata
17:45 Indupime Basauri-Bera Bera
19:30 GF Zuazo-Usurbil K.E.
Apirilak 17, igandea
10:00 Bera Bera-GF Zuazo
11:45 Usurbil K.E.-Indupime Basauri
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Hirugarren urtez jarraian, Euskadiko txapeldun izateko bidean
Azken urteotan erakutsi duten moduan, jokalari kopuru justuarekin emaitza itzelak lortu ditu Usurbil Kirol Elkarteko senior nesken eskubaloi taldeak. Euskadiko Txapelketako azken faserako sailkatu dira aurten ere. Fasea asteburu honetan jokatuko da, Usurbilen, Oiardo Kiroldegian. Baina taldea ez da honaino ailegatu den lehen aldia. 2014az geroztik hirugarren urtez segidan, Euskadiko txapeldun izateko bidean baitira. Gogora ditzagun bestela, aurreko bi denboraldiak.
Lehia estua izan arren, etxean jokatu zuten Euskadiko Txapelketako amaiera faseko hiru neurketetan nagusitu ziren senior neskak, iazko apirila amaieran. Muskiz, Jarrilleras eta Errotabarri taldeei irabazi ostean, Euskadiko txapeldun amaitu zuten. Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatzeko sailkatu ziren baita. Sagardo Eguna ospatu genuen asteburuan izan zuten aipatu fasea Santanderren. Ohi bezala, dena eman zuten, baina ezin izan zuten mailaz igotzea lortu. “Partidak galduta, baina animoz irabazle", amaitu zutela adierazi ziguten Euskadiko txapeldunek.
Duela bi urte, 2014an ere, Oiardo Kiroldegian azken fasera heldu eta Euskadiko talde onenekin lehiatu ziren; Urdaibai, C.B. Muskiz eta IES-Construccion taldeekin. Hiru neurketetatik bi irabazi irabazi eta hirugarrena, gol bakar baten aldearekin galdu zuten. Meritua are handiagoa da, denboraldiotan bezala, Euskadiko Txapelketara ze baldintzetan heldu ziren jakinda. Denboraldiko neurketak 7-8 jokalarirekin jokatu behar izan zituzten. Eta emaitza bikainak lortu zituzten halere, 21 partidetatik 19 irabazita. Eta Euskadiko txapeldun orde eta Espainiako Txapelketa jokatzeko sailkatu ziren. Etxean ospatu zen lehian, etxekoak nagusitu ziren. Urte hartako Sagardo Eguna historikoa izan zen senior neskentzat. Bi neurketa irabazi eta bestea berdinduta, hunkituta eta pozik asko ospatu zuten, gerora bertan jokatzerik izan ez zuten arren, mailaz igotzea lortu zutela. 2014ko herriko festei hasiera ofiziala emateko ohorea izan zuten.
Zer gertatuko ote da asteburuan? Senior neskak Euskadiko txapeldun izango ote ditugu berriz? Dena emateko prest da taldea.
2016
2015
Irudi gehiago hemen
2014