NOAUA! K.E. kide duen Tokikomen Administrazio Kontseiluak asteazkenean eginiko bileran, segidan datorren adierazpena onartu zuen. Bertan, "Mozal legea" aplikatu dioten Axier Lopez kazetariari eta Argiako lan taldeari elkartasuna eta babes osoa adierazten dio. Kazetaritza lana egiteagatik, 601 euroko isuna jarri zioten Lopezi, polizia operazio baten irudiak sareratzeagatik. Lehen aldia da, halako zigor bat jarri diotena Euskal Herriko kazetari bati. Informazio eskubidearen eta oro har gizarte osoaren aurkako erasotzat jo du Tokikomek, Lopezi eta Argiari jarri dioten isuna.
Tokikomen Administrazio Kontseiluaren adierazpena
"Idatzi honen bidez, TOKIKOMen Administrazio Kontseiluak bere elkartasun eta babesa eskaini nahi die Axier Lopez kazetariari eta Argiaren lan talde osoari, Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren berri emateagatik zigorra jaso duten honetan.
Espainiako Gobernuak Herritarren Segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoa, “Mozal legea” gisa ezagutzen dena aplikatuz ezarri du zigorra. Lege hori eraso zuzena da herritarrak informatuta egoteko zein kazetariek informazioa emateko duten eskubidearen aurka.
Informazioa jaso eta emateko eskubide horiek gizarte demokratiko baten funtsezko oinarriak dira. Eskubide horiek gauzatzea delitu bilakatzea, beraz, gizarte osoaren aurkako erasoa da, eta hala salatu nahi dugu mezu honen bidez".