Usurbil K.E.-ko senior neskak, Euskadiko txapeldunak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 18a, 10:31

Asteburuan zehar Oiardo Kiroldegian jokatu den azken faseko hiru neurketak irabazi ostean, aurten ere Euskadiko txapeldunak ditugu Usurbil Kirol Elkarteko senior neskak. Zorionak! Ondoko irudietan, asteburu osoan egin duten lan itzelaren emaitza; poza entrenatzaile eta jokalarien aurpegietan, eta txapeldunen saria usurbildarren esku. Garaipena etxean eta etxekoekin, asteburua harmailak goraino bete dituzten kirol elkarteko kideekin, lagun eta senideekin partekatu nahi izan zuten igandean.

Garaipen bikoitza gainera. Euskadiko txapelketa irabazteaz gain, Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko faserako ere sailkatu baitira senior neskak. Zozketa bidez erabakiko da non jokatuko duten fasea. Argi dagoena da, noiz izango den; Sagardo Egunaren aurreko asteburuan, maiatzaren 13tik 15era. Usurbil K.E.-tik adierazi digutenez, "hemendik aurrera ere lana dago egiteko, eta irabaztea polita bada ere, ekonomikoki oso garestia da. Errifak atera ditugu eta errifak batzuk erosiz edo errifak eurak saltzen lagun daiteke. Orokorrean, edozein guraso, herritar, enpresa, komertzio edota jokalari laguntzeko prest balego, jar daitezela kirol elkartearekin kontaktuan usurbilke@gmail.com helbidean edo zuzendaritzako kideekin".

Laguntzarako dei honekin batera, eskubaloi taldeen elkartetik eskerrak helarazi nahi dizkiete, asteburuan Oiardo Kiroldegiko "harmailak leporaino bete dituzten herritarrei".

Hirutik hiru

Apirilak 15, ostirala

GF Zuazo 22-19 Indupime Basauri

Bera Bera 27-31 Usurbil K.E.

Apirilak 16, larunbata

Indupime Basauri 18- 17 Bera Bera

GF Zuazo 24 -29 Usurbil K.E.

Apirilak 17, igandea

Bera Bera 19-27 GF Zuazo

Usurbil K.E. 25-21 Indupime Basauri

Sailkapena

1-Usurbil K.E.: 6.

2-GF Zuazo: 4.

3-Indupime Basauri: 2.

4-Bera Bera: 0.

Jubenil nesken hurrengo hitzordua, asteartean

Senior neskak Euskadiko txapeldunak ditugula aipatu berri dugu. Taldea garaipenera eraman duten jokalarien artean, aipatzekoa da, jubenil nesken parte hartzea ere. Topera dabiltza. Duela bi aste, Euskadiko txapelketako azken fasea jokatu eta irabazi egin zuten. Asteburu honetan senior taldekoak laguntzen aritu dira, eta Euskadiko txapeldun amaitu dute. Ostiralean, duela bi asteko garaipenari esker, Pozuelo de Calatravara (Ciudad Real) Espainiako Txapelketa jokatzera doaz jubenil nesken taldekoak. Apirilaren 22tik 24ra jokatuko dute aipatu fasea, C. Pozuelo de Calatrava (Gaztela Mantxako lehen sailkatua), BM. Nazareno (Andaluziako laugarren sailkatua), eta EMD Aceuchal (Extremadurako lehen talde sailkatua) taldeen aurka.

"Bertako antolakuntzak dioskunagatik, baliteke "streaming" bidez bertako partidak ikusteko aukera izatea, alegia, ordenagailuz edo beste bitartekoren baten bitartez, zuzenean herriko jubenil nesken partidak ikusi ahal izatea. Jubenil nesken kasuan, 1. postuan geratuko balira, Espainiako txapelketako amaiera fasera pasako lirateke. Amaierako fasea, maiatzaren 4tik (asteazkena) 8ra (igandea) izango litzake, eta Estatu osoko 8 talde onenek jokatuko lukete, Estatu mailako talde txapelduna zein den erabakitzeko", zehaztu digute Usurbil K.E.-tik.

Aurretik ordea, Gipuzkoako Kopari dagokion eta duela bi asteburu atzeratu zuten neurketa jokatuko dute astearte honetan, lehenengoa Euskadiko txapeldun gisa, 20:20an Oiardo Kiroldegian Bera Berakoen aurka.

Aipatu baita, " jubenil eta kadete neska-mutilak, 4 taldeak, Euskal ligan mantendu dira, eskubaloian maila gorena jubenil eta kadete kategorietan. 2015-2016 denboraldian Usurbil izan da talde bakarra, Zarautzekin batera, 4 taldeok Euskal Ligan zituena eskubaloian".

1. nazionaleko taldea, mailari eusteko bidean

Jardunaldi gutxiren faltan, maila berean lehiatzen segitzeko bidean dira senior mutilak ere. Eskubaloi elkartetik aditzera eman digutenez, "1. nazionaleko taldeak 21-25 irabazi du Romoren aurka Getxon eta beste urtebetez 1. nazional mailan mantentzeko bidean goaz, 3 jardunaldiren faltan 12. baitoaz, atzean 4 talde utzita, hurrengoari 5 puntu aterata. 2 talde jaitsiko dira mailaz".