Errenta Aitorpena euskaraz tramitatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 18a, 08:15

Errenta aitorpena aurkezteko epea zabalik duzue gaurtik ekainaren 25era. 2015eko diru kontuak argitzeko Errenta Aitorpen kanpaina betean gara jada. Adi data hauei:

-Apirilaren 6tik aurrera: autolikidazio proposamenak Ogasuneko web orrialdean ikusteko aukera.

-Apirilak 11-ekainak 25: autolikidazio proposamenak onartzea. Onartzeko bideak: 902 100 040 edo Ogasuna

-Apirilak 15-ekainak 6: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea (autolikidazio proposamena jaso dutenek, apirilaren 19tik aurrera). Oharra: epea luzatu daiteke, ordu libreak egonez gero.

-Apirilak 18-ekainak 25: aitorpenak aurkezteko epea.

Informazio gehiago eta hitzorduak eskatzeko: 902 100 040 edo gipuzkoa.eus/ogasuna

Hobaria, NOAUA!ko bazkideontzat 

Aurten 20 urte beteko dituen NOAUA! Kultur Elkarteko bazkide izateak abantaila bat baino gehiagoz gozatzeko aukera eskaintzen du. Baita urtemuga berezi honetan ere. Adi, zuetako askok hilabete honetatik aurrera tramitatu beharko duzuen Errenta Aitorpenari. NOAUA!ko bazkide zaretenoi hobaria aplikatuko zaizue, iaz NOAUA!ko bazkide izan eta zuen izen abizenak eta NAN zenbaki osoa (letra eta guzti) eman diguzuenoi bai behintzat. Hala egin ez duzuen bazkideok, datorren urteko errenta aitorpenean NOAUA!ko bazkidetza kontuan hartzea nahi baduzue, hobaria aplikatzea nahi bazenute alegia, deitu 943 360 321 telefono zenbakira, idatzi elkartea@noaua.eus helbidera edo etorri NOAUA!ko egoitzara, eta eman zuen izen abizenak eta NAN zenbaki osoa, letra eta guzti.

Errenta Aitorpena euskaraz tramitatzeko deia

“Ohi bezala, aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, hau da, euskaraz egiteko ez dago inolako zailtasunik”, gogorarazten digute Usurbilgo Udaleko Euskara Zerbitzutik. Udalak, Buruntzaldeko udalekin, eta UEMA-rekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz tramitatzeko kanpaina abiatu du. Administrazioarekin ditugun harremanak euskaraz izatea eta administrazioa bera euskalduntzea sustatu nahi dute, eremu honetan ere “euskarak merezi duen lekua izan dezan”.

Kanpaina honen harira, aurreko urteen ildotik, lehiaketa antolatu dute; “Buruntzaldeko Facebook-en lehiaketa bat jarriko da abian, eta mezua elkarbanatzen dutenen artean bi lagunentzako sagardotegi menua zozketatuko da maiatzaren 17an”. Informazio gehiago, buruntzaldea.eus atarian edota Potxoenean, Euskara Zerbitzuan.