Jaietako egitarauaren diseinua eta txupinazo jaurtitzaileak hautatzeko lehiaketak martxan

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 18a, 09:13

Ekainaren 30ean Usurbilgo festak abiatzeko txupinazoa nork botako duen herritarrek erabakiko dute aurten ere. Maiatzaren 20ra arteko epea duzue, zuen ekarpenak kultura@usurbil.eus helbidera helarazteko. Bestela, papertxo batean idatzi eta Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian eta Potxoenean jarri dituzten kaxetan utzi ditzakezue.

Egitarau lehiaketa

Txupinazoa bakarrik ez, datozen festetako egitarauak zuetako batek landutako diseinua izango du. Programako diseinu lana hautatzeko lehiaketa antolatu du Jai Batzordeak, aurreko urteetan bezala. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da, maiatzaren 20ra arte.

Lehiaketako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza jaiak hasi aurreko egunetan herritar guztien eskutara helduko da. Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua eta oinarriak bertan jaso behar dira. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:

-Lanaren neurria librea izango da.

-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da. “Lehiaketa irabazten duenak gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du lehiaketa irabazi ondoren”.

-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.

Lehiaketari begirako araudi orokorra:

-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.

-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.

-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.

-Nahi adina lan aurkez daitezke.

-Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.

-Lanak maiatzaren 20a baino lehen helarazi behar dira Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo postaz bidali helbide honetara:

Usurbilgo Udala

Kultura Saila

Jose Martin Sagardia Plaza z.g.

20170 Usurbil

Argibide gehiagorako: 943 371 999 edo kultura@usurbil.eus