Kultur ekitaldi eskaintza zabala egunotan

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 18a, 09:00

Udarregi Ikastolako HH5 eta LH5eko ikasleak Aginagara doaz asteazkenean, bertako ikastetxeko kideei kantaldia eskaintzera. Honez gain, "Zirriborro" eta "Zartapa" antzezlanak izango ditugu Sutegin. Olatz Korta eta Xabier Zubeldia musikariak Bihurri haur ludotekan. Eta astea borobiltzeko, 4. Dantza Eguna larunbatean. Datozen kultur ekitaldien berri segidan:

Kantaldia Aginagan

Udarregi Ikastolako HH5 eta LH5eko taldeek kantaldia eskainiko dute asteazken eguerdiko 12:00etan, Aginagako frontoian. "Urtero eskaintzen dute Kantagintza saioa beste herri bateko ikastola edo eskola batean HH5 eta LH5. mailan suertatzen diren ikasleekin. Itsas aldeko herrietan, zein, barru aldean aritu dira bertako plazak, parkeak eta herriak eskaintzen duen bitxikeriak ezagutuz: Iruñan, Donibane Lohitzunen, Zerainen, Mutrikun, Beasainen, Deban, Tolosan, Hendaian, Zarautzen, Goizuetan, Abaltzisketan…. Eta Orioko ikastolan ere urte askotan izan dira. Eguraldiak lagunduz gero, Agiñara LH5. mailako ikasleak bizikletaz joateko asmoa dute garraio honen erabilera sustatzeko asmoz. HH5 urtekoak berriz, autobusez abiatuko dira, musika saioaren ondoren, Orioko Txurrukara lotara joateko txangoa prest baitute. Beraz, egun bikaina izango dute Udarregi ikastolako ikasleek eta baita Agiñako eskolako ikasleek ere. Elkarrekin kantuan egongo baitira", adierazi digute Udarregi Ikastolatik.

Musikariak ludotekan

Olatz Korta eta Xabier Zubeldiaren musika emanaldia izango da ostiralean, apirilaren 22an 18:00etan hasita, Bihurritxiki Ludotekan. 0-6 urte artekoei zuzendua egongo da hitzordua.

"Zartapa!", Katiuska Antzerki Taldearen antzezlana

Tolosako Katiuska Antzerki Taldea Sutegira dator ostiral honetan, apirilaren 22an. “Zartapa!” izeneko antzezlana eskainiko dute gaueko 22:00etan hasita, Sutegiko auditorioan. "Euren errealitatean etsi aurretik Astiazaran doktorearengan jarri dute itxaropena zazpi lagunek. Zein da Astiazaran doktorea hain ospetsu egin duen sekretua?". Antzezlana ikusteko sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dituzue, 6 eurotan.

Bi hitzordu, Liburuaren Egunaren harira

Apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Egunaren bueltan, bi hitzordu antolatu ditu Sutegi udal liburutegiak:

Apirilak 20, asteazkena

18:00 “Zirriborro” antzezlana Sutegiko auditorioan. "Klown kodean eta testurik gabe, Badut antzerki konpainiak Zirriborro antzezlana taularatuko du, udal liburutegiak antolatuta". Sarrera: doan.

Apirilak 27, asteazkena

19:00 Euskarazko irakurketa topaketa Sutegi udal liburutegian."Danele Sarriugarteren "Erraiak" (Zilarrezko Euskadi Saria 2015) liburua izango dugu ahotan, eta idazlea bera gure artean egongo da, istorioaren barne muinak komentatzeko eta sortze prozesuaz hitz egiteko. Liburuaren ale ezberdinak jada, Liburutegian daude eskuragarri; izan ere, liburua aldez aurretik irakurriz gero, etekin handiagoa aterako baitiogu topaketari".

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.