Usurbil K.E.-Bera Bera, jubenil nesken eskubaloi neurketa gaur

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 19a, 10:01

Gipuzkoako Kopari dagokion eta duela bi asteburu atzeratu zuten neurketa jokatuko dute astearte honetan, apirilaren 19an, Usurbil Kirol Elkarteko jubenil neskek. Euskadiko txapeldun gisa jokatzen duten lehen partida izango da honakoa, 20:20an hasita Oiardo Kiroldegian, Bera Bera taldekoen aurka.

Topera dabiltza jubenil neskak. Senior neskak Euskadiko txapeldunak ditugu, asteburuan Oiardo Kiroldegian jokatu duten fasea irabazi ostean. Taldea garaipenera eraman duten jokalarien artean, aipatzekoa da, jubenil neskek izan duten parte hartzea ere. Duela bi aste, Euskadiko txapelketako azken fasea jokatu eta irabazi egin zuten. Asteburu honetan senior taldekoak laguntzen aritu dira, eta Euskadiko txapeldun amaitu dute. Ostiralean, duela bi asteko garaipenari esker, Pozuelo de Calatravara (Ciudad Real) Espainiako Txapelketa jokatzera doaz jubenil nesken taldekoak. Apirilaren 22tik 24ra jokatuko dute aipatu fasea, C. Pozuelo de Calatrava (Gaztela Mantxako lehen sailkatua), BM. Nazareno (Andaluziako laugarren sailkatua), eta EMD Aceuchal (Extremadurako lehen talde sailkatua) taldeen aurka.

"Bertako antolakuntzak dioskunagatik, baliteke "streaming" bidez bertako partidak ikusteko aukera izatea, alegia, ordenagailuz edo beste bitartekoren baten bitartez, zuzenean herriko jubenil nesken partidak ikusi ahal izatea. Jubenil nesken kasuan, 1. postuan geratuko balira, Espainiako txapelketako amaiera fasera pasako lirateke. Amaierako fasea, maiatzaren 4tik (asteazkena) 8ra (igandea) izango litzake, eta Estatu osoko 8 talde onenek jokatuko lukete, Estatu mailako talde txapelduna zein den erabakitzeko", zehaztu digute Usurbil K.E.-tik.

Aurretik ordea, Gipuzkoako Kopari dagokion astearte honetako neurketa jokatuko dute. Aipatu baita, " jubenil eta kadete neska-mutilak, 4 taldeak, Euskal ligan mantendu dira, eskubaloian maila gorena jubenil eta kadete kategorietan. 2015-2016 denboraldian Usurbil izan da talde bakarra, Zarautzekin batera, 4 taldeok Euskal Ligan zituena eskubaloian".