Berrikuntza soziala lantzen segitzeko, Urberritzen prozesuko 3. Topagunea

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 19a, 06:54

Donostia-Beterri eskualdeko udalek (Usurbilgoak tartean), Foru Aldundiaren laguntzaz eta Urola Erdiko Berrikuntza, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziarekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, Beterri eta Urola Erdia eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko Urberritzen prozesua abiatua dute. 3. Topagunea deitu dute Urnietan, asteazken honetarako, apirilaren 2orako.

Otsailaren 26an Hernaniko Gabriel Zelaia eraikinean egin zen eragileen arteko lehen topagunearekin abiatu zuen Urberritzen prozesua. Iaz martxan jarritako Beteberritzen egitasmoaren segida da honakoa, bigarren fasea. "Topagunea izeneko elkarlanerako gunea sortu da eskualdeko eragileekin batera. Gune horretan, batetik, Beterri eskualdeko tokiko garapenaren gaineko gogoeta egin eta garapen-eredu berri baterako oinarriak adostuko dira. Bestetik, eskualdeko eragileen arteko elkarlanerako proiektu berriak identifikatu eta horiek martxan jartzeko urratsak zehaztuko dira", Elhuyar Aholkularitzak ohar bidez berri eman duenez.

Lehen saioan, proiektuaren lan-ildo nagusiak azaldu zituzten. "Lehen Topagunean prozesuaren xehetasunak azaldu ondoren, hitzaldiek eta talde-lanak hartu zuten lekukoa, eta aukera izan zen tokiko garapena sustatzeko helburuarekin beste eskualde batzuetan lanean ari diren bi esperientzia interesgarri entzuteko, Lea-Artibai eta Debagoienekoa, zehazki. Azaro Fundazioko Leire Arrizabalaga eta Bagarako Nagore Iraola izan ziren hizlariak, eta horien azalpenetatik, Beterrirako baliagarri izan daitezkeen hainbat gako identifikatu ziren taldeka. Taldeetan ateratako ondorioak oinarri, hurrengo saioetan gaian gehiago sakontzeko aukera izango da", adierazi dutenez.

Bigarren topagunea Potxoenean egin zuten martxoaren 16an. Eskualdearen garapen-eredua edota "adostutako markoaren baitan kokatzen diren proiektuak identifikatzea", gaiok hartuko zituzten ahotan, eragileei zuzenduta deitu zuten hitzordu honetan. Hirugarren saioa, astebete barrurako deitu dute Urnietan:

Urberritzen, 3. topagunea

Eguna: apirilak 20, asteazkena.

Tokia: Urnietako Lekaio kultur etxeko areto nagusia.

Ordutegia: 10:30-13:00.

Gai zerrenda:

-Sarrera.

-Eskualdearen garapen-eredua: landutako ikuspegia eta balioak aurkeztu.

-Adostutako markoaren baitan kokatzen diren eta martxan dauden proiektuak ezagutu.

-Elkarlanerako proiektu berriak identifikatu.

-Balorazioa.

Izen emateko edo informazio gehiagorako: 

688 684 956-688 685 586

enpresa@andoain.eus

http://berrikuntzasoziala.elhuyar.eus

Oharra: "izen ematerakoan euskaraz ulertzeko gai zaren adieraztea ere eskertuko genizuke, saioak antolatze aldera".

Hurrengo saioak: 4. topagunea maiatzaren 4an eta Trukegunea (Beterri+Urola Erdia) maiatzaren 18an.

Antolatzaileak: Donostia-Beterri eskualdeko udalak (Usurbilgoa tartean), Foru Aldundia,Urola Erdiko Berrikuntza, Iraurgi Berritzen Garapen Agentzia eta Elhuyar Aholkularitza.