Zubietako udako txokoetan aurre izen emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 19a, 08:25

Zubietako Guraso Elkarteak 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txokoak antolatu ditu uztaila eta abuzturako. Interesdunek zabalik dute aurre izen ematea, apirilaren 30era arte. 20 euroko ordainketa egin eta inskripzio orri bat bete beharko da, “norberaren beharrak zehaztuz”. Apuntaturiko haur kopuruaren eta zehazten dituzten beharren arabera, behin betiko egitaraua finkatu eta matrikulazio epea zabalduko dute, maiatzaren 2tik 20ra. Tarte horretan, “matrikula orria bete beharko da eta epe barruan bakoitzak dagokion kuota ordaindu beharko du”. Izen emateko idatzi zubietatxoko@gmail.com helbidera edo bestela, Zubietako Eskolan eskura ditzakezue inskripzio orriak. “Epez-kanpo izen ematen duenak ez du tokia ziurtaturik izango. Izen eman gabeko edo matrikula ordaindu gabeko haurrak ez dira onartuko”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak kudeatuko dituen txokoak astelehenetik ostiralera izango dira uztaila eta abuztuan, goizez eta lau orduz, 09:30-13:30 artean. Txoko hauek hamabostaldika antolatuko dira. “Haurrek lagun artean jolastu, tailerretan parte hartu, irteerak egin eta abar luze bat egiteko aukera izango dute”, berri eman dute antolatzaileek.

Udajolaserako izen emate orrien banaketa

Adi, datorren uztailean seme-alabak Udajolasen apuntatu asmo dituzuen gurasooi. Apirilaren 25eko astean banatuko dira aisialdi ekimenerako izen emate orriak, Udarregi Ikastolan, Zubieta eta Aginagako ikastetxeetan. Izen emate orriok beteta, ordainketa eginda eta aurten, gizarte segurantzaren txartelaren kopia ere aurkeztu beharko dira, Udajolasen parte hartu ahal izateko. Usurbilgo Udalak NOAUA! Kultur Elkartearekin elkarlanean antolaturiko euskarazko aisialdi ekimenean apuntatzeko epea, maiatzaren 2an zabalduko dugu. Aurrerago, zehaztasun gehiagoren berri.

Ingeles udalekuak Udarregi Ikastolan

2004-2010 urte artean jaiotako gaztetxoentzako ingeles udalekuak antolatu ditu Udarregi Ikastolak, ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Ohartarazi dutenez, "jatorrizko ingeles hiztunak diren hezitzaileek gidatuta". Ingeles udalekuotan izen emateko epea azken egunetan da, irekita apirilaren 23ra arte. Apuntatzeko, gerturatu ikastolako idazkaritzara.

Izena emandako ikasle kopuruaren arabera zehaztuko da udalekuotako prezioa. Baina antolatzaileek aurreikusten dutenez, gutxi gorabehera 300 eurokoa izango da gastua. Doakoa, hezitzailea etxean hartzen duen familiarentzat. Adin tartearen araberako bi multzo hauetan banatuko dira ikasleak:

A taldea: 2o08-2010 urte artean jaiotako haurrentzat.

B taldea: 2004-2007 urte artean jaiotako haurrentzat.

Ikastolen Elkartearen eskaintza

Ingeles udalekuoz gain, Udarregi Ikastola kide duen Ikastolen Elkarteak ere uda parterako aisialdi eskaintza zabala prestatu du; atzerriko egonaldiak, gazte egonaldiak, mendia eta pilota udalekuak, itsasoa, kultura edota surf udalekuak, udaleku ireki eta ibiltariak... Ekintzok 3-18 urte arteko haur eta gazteei zuzenduak daude. Matrikulazio epea zabalik egongo da, maiatzaren 6ra arte. Argibide gehiago: aisialdia.eus