Ke laino beltza bart, Usurbil gainean

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 19a, 11:20

Astelehen iluntzeko 21:30ak inguruan, Usurbil gainean zegoen ke lainoa duzue, herritar batek helarazi digun ondoko argazkian. "Argazkian duzuen ikaragarrizko laino beltz hori ikusi dugu. Lainoa Zumartegi poligonotik ateratzen zela zirudien, eta herriaren gainetik zabaltzen ari zen ipar ekialderantz", adierazi digu herritarrak. Kiratsa ezin jasan eta etxeko leihoak itxi beharrean aurkitu zela gaineratu digu. Larrialdi zerbitzuei eta Usurbilgo Udalari ere gertaera honen berri eman die.

Eragozpenak begi eta eztarrietan 

Ez da halako ke laino batek eragozpenak sortzen dituen lehen aldia. Aurreko abenduaren 9an, iluntzean, ke laino batek herri erdigunea eta inguruak hartu zituen, ondoko irudi eta bideoan ikus daitekeenez. Hasiera batean, behe laino edo lanbroa zela zirudien, baina ez. Herritarren artean kezka eta eragozpenak sortu zituen ke lainoa genuen. Iluntze hartan ere, Udaltzaingoak herritarren hainbat kexu jaso zituen, Kaxkoan eta inguruetara zabaldu zen ke lainoagatik. Keak begietan eta eztarrian eragozpenak eragin zizkien zenbait herritarrei. Haize handirik ez zebilen gainera, eta ke lainoari desegitea kosta zitzaion. Itxura guztien arabera, kea, astelehen iluntzean bezala, industriagune beretik zetorren.