9 urteko espetxe zigorra eskatu dute Joxe Domingo Aizpuruarentzat

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 19a, 17:51

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Perals fiskalak 7 eta 19 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu, 2010eko apirilean egin zen polizia operazio baten baitan atxilotu zituzten lagunentzat. Duela 6 urte atxiloturiko euskal herritarren artean zen Joxe Domingo Aizpurua usurbildarra. Fiskaltzak "Halboka" taldeko kide izatea egozten die, ETAren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) arteko "lotura" egin eta presoen kolektiboa "kontrolatzea". Honez gain, "erakunde terroristako kide" izatea egozten diete bost auziperatuei; Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain eta Julen Zelaraini. Hari "laguntzea", Joxe Domingo Aizpurua, Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondori.

Honatx Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, euskal herritar guztiontzako eskatzen dituen espetxe zigorrak:

-19 urteko espetxe zigorra Arantxa Zuluetarentzat.

-12 urteko espetxe zigorra Jon Enparantzarentzat.

-11 urteko espetxe zigorra Naia Zuriarrain eta Julen Zelarainentzat.

-10 urteko espetxe zigorra Iker Sarriegirentzat.

-9 urteko espetxe zigorra Joxe Domingo Aizpurua usurbildarrarentzat.

-7 urteko espetxe zigorra Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondorentzat.

Duela bi urte, 2014ko uztailean, EPPK-ko ordezkaritza bat eta Harremanetarako Nazioarteko Taldea bildu zirela jakin zen egun berean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Javier Gomez Bermudezek hamar lagun auziperatu zituen, Joxe Domingo Aizpurua usurbildarra tartean. Auziperatu gehienek presoen eskubideen aldeko lanean ziharduten. Epaileak deklaratzera deitu zituen lagunok, uztailaren 23an, hiruna mila euroko bermea eskatzeaz gain.