Misterio kutsua izango du, Dantza Eguneko "Kanpaiak Jotzean" ikuskizunak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 20a, 04:48

Ikusmina sortu, harrera beroa izan eta merezitako txalo zaparrada jaso izan du, Dantza Egunez Usurbilgo dantzari eta antzezleek eskaini ohi duten ikuskizunak. Aurtengoa ziur, ez da gutxiagorako izango. Mimo handiz landu eta prestatzen aritu dira Udarregi Ikastolako erdiko aretoan, hilabete luzez, "Kanpaiak Jotzean" izena jarri dioten emanaldia.

Larunbatean, 22:30etan estreinatuko dute frontoian. Emanaldiaz ezin dugu ezer aurreratu noski; pista moduan ordea esan daiteke, emanaldiarekin lotura estua duela kalean egunotan ikusiko dituzuen Dantza Eguna iragartzeko kartelak. Aurrean zabalik duen leihotik, Usurbilgo elizara begira ageri den lagun baten itzala ageri da kartelotan. Bigarren pista bat ere aurreratu digute antolatzaileek. “Misterio puntua izango du ikuskizunak. Herri honek duen misterio bati loturiko emanaldia izango da. Misterio horri erantzun bat eman nahian gabiltza”, adierazi digute dantza taldetik. Osagai aski erakargarriak baditu aurtengo Dantza Egunak. Larunbatean beraz, denok dantzara plazara.

Apirilak 23, larunbata

11:00 Dantza Taldeei harrera. Partehartzaileak:

- Ortzadar Dantza Taldea (Lekunberri).

- Goizaldi Dantza Taldea (Donostia).

- Orbeldi Dantza Taldea (Usurbil).

12:00 Kalejiraren hasiera. Herriko gune desberdinetan geldialdiak egingo dira dantza saioak eskaintzeko.

13:30 Ekitaldi Nagusia frontoian.

14:30 Dantzarien Bazkaria.

18:00 Erromeria frontoian, Ortzadar taldearekin.

22:30 "Kanpaiak Jotzean" ikuskizuna, Orbeldi Dantza Taldearen eskutik.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.