Ucin enpresatik ateratzen diren ke isurketen ondorioz, aspaldidanik hainbat herritar usain txar eta kutsakorra arnastu beharrean aurkitzen dira sarritan. Azken ke isuria astelehen iluntzean gertatu zen. Laino beltz bat ikus zitekeen herri erdigunean, herritar batek helarazi zigun ondoko irudian ikus daitekeen moduan. "Lainoa Zumartegi poligonotik ateratzen zela zirudien, eta herriaren gainetik zabaltzen ari zen ipar ekialderantz", aipatzen zigun. Hala da. Ke lainoa Ucin enpresatik zetorren.
Ke isuri hau salatzen zuten zenbait herritarren kexak jaso ditu Usurbilgo Udalak. Udalak ohar bidez berri eman duenez, "herritarren kexu hauek zirela-eta, Ertzaintza Ucinera gerturatu zen. Biharamunean, Usurbilgo Udaleko ingurumen zerbitzuak bezperako isuriari buruzko azalpenak eskatu zizkien enpresako arduradunei, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako ingurumen teknikariei ere, jasotako kexen berri emanez". 2015eko ekainaz geroztik, Usurbilgo Udalean jaso dituzten kexa eta irudien bilduma ere bidalia du Udalak, Eusko Jaurlaritzara eta Ucin enpresara.
Antza ordea, ez da aski Ucin enpresarentzat. Asteleheneko gertakarien aurrean, azalpen argirik eman gabe erantzun omen zuten aipatu enpresako arduradunek. "Jaurlaritzako Ingurumen sailak, bere aldetik, intzidentzia bat ireki zuen", berri eman du Udalak. Ke isuriok argitzeko gainera, iragarri dutenez, "Usurbilgo alkate Xabier Arregik bilera egingo du Jose Maria Ucineko buruekin eta ikuskapen bisita egingo dute hurrengo egunetan, gertatua argitu eta berriz errepika ez dadin".
"Nazka nazka eginda gaude!"
Azken urte luzeetan, maiz gertatu dira halakoak. Aurreko abenduaren 9an esaterako, iluntzean, ke laino batek herri erdigunea eta inguruak hartu zituen, ondoko bideoan ikus daitekeenez. Hasiera batean, behe laino edo lanbroa zela zirudien, baina ez. Herritarren artean kezka eta eragozpenak sortu zituen ke lainoa genuen. Iluntze hartan ere, Udaltzaingoak herritarren hainbat kexu jaso zituen, Kaxkoan eta inguruetara zabaldu zen ke lainoagatik. Keak begietan eta eztarrian eragozpenak eragin zizkien zenbait herritarrei. Haize handirik ez zebilen gainera, eta ke lainoari desegitea kosta zitzaion. Itxura guztien arabera, kea, astelehen iluntzean bezala, industriagune beretik zetorren.
Asteleheneko ke isuriari buruz argitaratu genuen albisteari erantzunez, hala zioen herritar batek: "Kea Ucin-etik ateratzen zen. Ondoan bizi gara eta astelehen gauekoa handia izan zen, baina ez da salbuespena. Bide batez, esango dut enpresa honek normalki gauak eta eguraldi txarreko egunak aprobetxatzen dituela, ez dakigu ze hondakin errausteko, lo gaudela arnasten duguna noski. Nazka nazka eginda gaude!".