"Erraustegia pribatizatzeko operazioa pelotazo bat da", EHBilduren esanetan

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 21a, 18:33

Zero zabor eredua sustatu beharrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak negozioa egin eta dirua irabazteko baliatu asmo dituela salatu du EHBilduk, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Negozioa, "herritarrek pagatu beharko duten zabor-tasaren" eta osasunaren kontura egin nahi dutela gaineratu du Iban Asenjo batzarkideak. Diputazioak hondakinen kudeaketa pribatizatzeko duen plana zentzugabetzat jo du koalizioak, "hurrengo 35 urteetan gipuzkoarren borondatea eta poltsikoa gatibu izango dituelako".

Herritarrak gatibu eta multinazionalak aberastuko ditu Aldundiaren planak, EHBilduren esanetan, “erraustegia ustiatzeko entramatuak suposatuko du hondakinen kudeaketaren kontrol publikoa galtzea. Zerbitzu publiko horren giltza enpresa pribatu bati emango zaio 2051ra arte, negozio borobila egiteko, herritarren osasunaren kontura eta gure lurraldearen iraunkortasunaren kontura”.

Erraustegia pribatizatzeko operazioa, EHBilduk dioenez, "pelotazo bat da, EAJ eta PSEren gobernuak multinazionalei egindako oparia". Koalizioaren esanetan, Jose Ignacio Asensiok ostegun honetan Batzar Nagusietan egin duen agerraldian onartu duenez, "ustiatzaileari ez zaio ordainduko tratatutako zabor kopuruaren arabera, baizik eta “disponibilitatearen” arabera, berdin-berdin pagatuko zaiola 50.000 ala 200.000 tona hondakin erre Zubietan". Are gehiago, EHBilduren esanetan, enpresak isuri toxikoak murriztu ahala Aldundiak tasa gehigarria ordainduko diola adierazi du Asensiok. “Sistema hori erokeri bat da, ingurumena kutsatzeagatik zigortu beharrean, Diputazioak ordaindu egingo dio enpresari? Ez gaitu harritzen kontratuak multinazionalen interesa piztu izana, negozio borobilaren usainak erakarri ditu”, dio EHBilduk. Hondakinen kudeaketa pribatizatzeko, gainera, estatutuak ere aldatu dituzte EAJ eta PSE-ek. “Markatutako joko arauak aldatzea suposatzen du horrek, legeari iruzur egitea da”, EHBilduren esanetan.

Aldundiak dituen asmoen aurrean, koalizioak herritarren osasuna eta lurraldearen iraunkortasuna negozio pribatuen esku ez uztea eskatu dio EAJ eta PSE alderdiei eta iragarri duenez, “EHBilduk herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatuko ditu. Erraustegia Gipuzkoan ez da behar, osasunerako oso kaltegarria da, ez du konpontzen hondakinen arazoa eta ez du babes sozial nahikorik”.

Erraustegiaren aurkako agenda

Apirilak 22, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Zabalgarbi biluzik. Bizkaiko gezurrak desmuntatzen".

Hizlaria: Gorka Bueno Mendieta, EHU-ko irakaslea eta ingeniaritzan doktorea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.

Apirilak 22, ostirala

Hondakinak erraustearen inguruko jardunaldia, Donostiako Miramar Jauregiko Julio Caro Baroja aretoan:

09:00 Europako Legebiltzarreko GUE/NGL taldeko kide Paloma Lopezen eskutik, jardunaldiaren aurkezpena.

09:15 Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorako bozeramaile Maria Luisa Sanchezen eskutik: "Gipuzkoan errausketaren aurka egin diren ekintza historikoen azalpena".

09:30 Ekonomia Iraunkorreko EHUko ohorezko irakasle Roberto Bermejoren eskutik: "Materialen ekonomia zirkularrean aurreratzeko premia larria".

10:30 Donostia Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko familia-mediku Iñigo Suberbiola Unanueren eskutik: "Hiriko hondakinak eta ondorioak osasunean".

11:30 Kafea hartzeko atsedenaldia.

12:00 Teknologia elektronikoko EHUko irakasle titular Gorka Buenoren eskutik: "Hiriko hondakinen errausketa Bizkaian".

13:00 Mahai ingurua.

14:00 Bazkaltzeko atsedenaldia.

16:00 Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietaren eskutik: "Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko errausketaren ordezko proiektua".

17:00 European Environmental Bureauko hondakin politikako arduradun Piotr Barczaken eskutik: "Europar Batasunaren arauak eta hondakinen kudeaketa iraunkorra".

18:00 Mahai-ingurua: "Europako Legebiltzarrerako eta Gipuzkoarako proposamenak hondakinen kudeaketa iraunkorra egiteko".

19:30 Jardunaldiaren amaiera.

Antolatzailea: Europako Legebiltzarreko GUE/NGL taldea (Europako Ezker Batua/Europako Iparraldeko Berdea).

Izen emateko epea, apirilaren 21era arte, errausketajardunaldia@gmail.com helbidean. Plaza mugatuak.

Apirilak 23, larunbata

11:00 Usurbilgo Errausketaren Aurkako Plataforma eratzeko batzarra Artzabalgo ekitaldi aretoan. "Gai honekin kezka izateaz gain, konpromisoak hartzeko prest dauden herritar guztiei egiten diegu deialdia".

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.