Herriko presoen aldeko harpidetza afaria 21:00etan Aitzagan

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 22a, 08:21

Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak 25 urte daramatza espetxean. Urtemugaren harira, asteazkenerako solasaldia antolatu zuten bere lagunek eta Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak Potxoenean eta herriko presoei euskal prentsa helarazteko harpidetza afaria ostiral honetarako 21:00etan Aitzaga Elkartean. "Herriko presoei euskal prentsa helarazteko urteroko harpidetza afaria egingo da Aitzaga Elkartean, barrikotearen menuarekin", berri eman dute antolatzaileek. Afaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Aitzaga Tabernan dituzue salgai 20 eurotan. 14 eurotan ikasle eta langabeek.

Azken ostirala

Euskal preso, iheslari eta haien senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen exijitu eta sakabanaketa amaitzea eskatzeko, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko elkarretaratzea apirilaren 29an 20:00etan Mikel Laboa plazan.

2017ko martxora arte espetxeraturik

Aspaldi behar zuen kalean, baina espetxean segitzen du. 25 urte darama kartzelan Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak. 1991ko abuztuaren 17an atxilotu zuten 28 urterekin. "Atxiloaldian tortura eta tratu txarrak jasan zituen baina inoiz ez ziren ikertuak izan", Usurbilen Nahi Ditugu taldetik aditzera eman dutenez. Gerora, "bi bider jipoitua izan zen (1992an eta 1993an) kartzeletako lekualdaketetan. Salaketa haiek ere artxibatu eta ez zituzten ondorio judizialik izan". Geroztik, gutxieneko eskubideak aldarrikatzeko ere gose greba, planto eta hamaika protestaldi egin behar izan ditu aginagarrak. "Ondorioz, parte ugari bildu eta bere kondena luzatu egin diote", Usurbilen Nahi Ditugu taldearen esanetan.

Egun 53 urte ditu. Tarte honetan, lau espetxe ezagutu ditu; Carabanchel, Alcala, Valdemoro eta Herrera de la Mancha. Herreran eman ditu urte gehienak; gaur egun, urtebete barrurako, 2017ko martxorako finkatu du espetxetik irteteko data. Baina aipatu moduan, lehenago behar zuen kalean. Lege arrunta aplikatu baliote, baldintzapeko askatasunean izateko eskubidea zuen duela 10 urte. "Gerora ere atzeratu diote bere askatasuna, zehazki, 2015eko martxorako irteera data baitzuen, baina legean egindako moldaketek beste bi urtez luzatu zioten espetxealdia", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik adierazi dutenez.

Ikasi edota eskulanak egiteko etengabe izan ditu trabak. Halere, bere alderdi sortzailea garatu ahal izan du, bereziki egurra zizelkatzen edo bertso eta poemak idazten. Ezagunak ditugu Aginaga eta Usurbilgo jaietarako idatzi izan dituen bertsoak. "Bere bertso eta poemekin liburuxka bat argitaratu zen 2007an eta Ateramiñeko sailan ere bere lanak argitaratu izan dira", Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak gogorarazi digunez.

Duela bi urte, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakien ildotik, epaitegietan beren herritik gertuen dagoen espetxera eramana izateko eskaera egin zuen 2014ko ekainean "baina helegite guztiak atzera bota ditu Audientzia Nazionalak". Orain, 2017ko martxorako du irteera.