Zabalgarbiko erraustegiko gezurrak agerian gaur, Erraustegia Erabakiak antolaturiko hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 22a, 05:00

Erraustegia Erabakia taldeak hitzaldi berri bat iragarri du. Gorka Bueno EHUko irakaslea Zabalgarbiko errauste-plantari buruz arituko da Potxoenean, ostiral honetan, 18:30ean. “Zabalgarbi biluzik; Bizkaiko gezurrak desmuntatzen” lemapean abiatuko du hitzaldia.

NOAUA! Bizkaiko Hiri Hondakinen kudeaketari buruz Aldundiak aditzera emandako datuetan gezur eta manipulazio larriak daudela salatu du Ekologistak Martxanek. Zeintzuk dira antzeman dituzuen irregulartasun nagusienak?

Gorka Bueno. Aldundiak dio birziklatze tasa Bizkaian %67,7 izan zela 2014an, baina gezurra da. Kalkulu horretara heltzeko, Aldundiak birziklatutzat hartzen ditu Zabalgarbin sortutako zepak alde batetik, eta bestetik Zabalgarbiren tximiniatik isuritakoa prebenitutako hondakintzat hartzen du. Hori oso larria da. Europak agintzen duen metodologia erabiliz, egiazta daiteke Bizkaian hiri hondakinen %40 baino gutxiago birziklatzen dugula. Izan ere, birziklatzea Bizkaian, Gipuzkoan baino baxuagoa izan zen 2014an. Gipuzkoan %44ra heldu omen zarete. Bizkaian baino gehiago, batez ere atez ateko sistemari esker. Gipuzkoan ere egoera orokorra ez da batere ona, baina Bizkaian ez gaude hobeto. Kontu hauek guztiak ostiral honetan azalduko ditut Usurbilen.

N. Hiri hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sistemaren kontu-ikuskaritza egin dadila eskatu duzue. Zertan da gaia?

G. B. Birziklatze tasaz gain, hainbat kontutan irregulartasunak aurkitu ditugu Zabalgarbiren inguruan. 10 urtean, Zabalgarbik ia 500 mila tona zepa sortu ditu. Errausketan sortutako zepak hondakin arriskutsu izan daitezke, eta izara arriskutsu egiaztatzeko analisiak egin behar dira. Analisi horiek, ezaugarritzeak eskatu ditugu eta ez dugu ezer jaso. Oso larria da. Administrazioek onartzen dute Zabalgarbiko zepak ez direla arriskutsuak, baina egiaztatu gabe. Une honetan zepa horiek, hondakin arriskutsu izan daitezkeenak, Zallako eta Igorreko zabortegietan omen daude botata, eta asko isurketa-ontzitik kanpo, zabortegi barruko bideetan.

Gainera, Aldundiak dio Zabalgarbin erraustutako hondakin guztiak energetikoki balioztatzen direla, baina guk erakutsi dugu hori gezurra dela. 2006an, adibidez, ezinezkoa izan zen balioztatze energetikorik egitea hondakinekin, Zabalgarbiren lurrin-turbina matxuratuta zegoelako. Bien bitartean, Zabalgarbik laguntza ekonomikoak jasotzen zituen, hondakinen energia balioztatzeagatik.

Administrazioaren aldetik erantzunik jaso al duzue?

G. B. Une honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzunaren zain gaude.

“Zabalgarbi hondakin sortzaile handia da”

NOAUA! Hamar urte bete ditu Zabalgarbik. Ekologistak Martxanen ikuspegitik, zer nolako balantzea egin daiteke?

Gorka Bueno. Egungo tratamendu-sistemarekin, ezinezkoa da Bizkaian birziklatze tasa %50era heltzea (Europak 2020rako ezartzen duen helburua). Zabalgarbi hondakinen sortzaile oso handia da: zepak, CO2-a eta abar. Ekonomikoki ere ez da batere negozio ona, Zabalgarbin gas naturaleko kontsumoa oso altua delako. Une honetan kiebran ez badago, urtean ia 20 milioi euroko hobariak jasotzen dituelako da, hondakinetik elektrizitatea sortzeagatik. Hala ere, elektrizitatearen %70 gas naturaletik dator. Balantzea, beraz, oso negatiboa da, hainbat arlotan. Gipuzkoan arreta jarri behar du Aldundiak, akats berberak ez errepikatzeko. Gaur badakigu errausketak ez daukala zentzurik. Ez hemen, ez inon. Alternatiba da balioztatze materiala, birziklatzea eta berrerabiltzea. Eta aldez aurretik hondakinak sortzearen prebentzioa, noski.