Errausketaren Aurkako Taldea osatzeko batzarra larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 22a, 01:17

Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkilen, udalerriok batzen dituen erraustegiaren aurkako Aiztondoko plataforma osatu zuten. Andoainen Ipar Haizea, Hernanin Zero Zabor taldea dute, Lasarte-Orian Aire Garbia. Usurbilen, erraustegiaren inguruan herri galdeketa antolatzea eskatzeko Erraustegia Erabakia bilgunea osatu zuten. GuraSOS izeneko guraso talde bat ere bada, seme-alaben osasunaz kezkatuta egonik, proiektu honen aurka lanean dabilena. "Baina Usurbilen ez dugu talde bat erraustegiaren kontrako ekintzak, orokorrean, koordinatzeko edo antolatzeko. Deialdiak etortzen dira, eta ez dago garbi norengana jo. Gipuzkoan Errausketaren Aurkako Mugimendua lanean ari da, eta behar da herri bakoitzean talde bat prest egotea, modu azkarrean deiak zabaltzeko eta antolatzen laguntzeko", adierazi diote NOAUA!ri.

Horregatik, beste urrats bat ematera doa herritar talde bat; Usurbilgo Errausketaren Aurkako Taldea osatzera doaz. Bilgunea eratzeko batzar irekia deitu dute larunbat goizeko 11:00etan, Artzabalgo ekitaldi aretoan. Herritarrei bertaratzeko gonbita luzatzen diete. Ahalik eta jende gehien batu nahi dute. "Erraustegia geldiarazteko laguntzeko prest dagoen jendea behar da", adierazi dute. "Indarrak batuz, martxan jartzera goaz! Animatu zaitez parte hartzera!", luzatu dute gonbita.

Erraustegiaren aurkako agenda

Apirilak 22, ostirala

18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Zabalgarbi biluzik. Bizkaiko gezurrak desmuntatzen".

Hizlaria: Gorka Bueno Mendieta, EHU-ko irakaslea eta ingeniaritzan doktorea.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia.

Apirilak 22, ostirala

Hondakinak erraustearen inguruko jardunaldia, Donostiako Miramar Jauregiko Julio Caro Baroja aretoan:

09:00 Europako Legebiltzarreko GUE/NGL taldeko kide Paloma Lopezen eskutik, jardunaldiaren aurkezpena.

09:15 Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorako bozeramaile Maria Luisa Sanchezen eskutik: "Gipuzkoan errausketaren aurka egin diren ekintza historikoen azalpena".

09:30 Ekonomia Iraunkorreko EHUko ohorezko irakasle Roberto Bermejoren eskutik: "Materialen ekonomia zirkularrean aurreratzeko premia larria".

10:30 Donostia Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko familia-mediku Iñigo Suberbiola Unanueren eskutik: "Hiriko hondakinak eta ondorioak osasunean".

11:30 Kafea hartzeko atsedenaldia.

12:00 Teknologia elektronikoko EHUko irakasle titular Gorka Buenoren eskutik: "Hiriko hondakinen errausketa Bizkaian".

13:00 Mahai ingurua.

14:00 Bazkaltzeko atsedenaldia.

16:00 Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietaren eskutik: "Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko errausketaren ordezko proiektua".

17:00 European Environmental Bureauko hondakin politikako arduradun Piotr Barczaken eskutik: "Europar Batasunaren arauak eta hondakinen kudeaketa iraunkorra".

18:00 Mahai-ingurua: "Europako Legebiltzarrerako eta Gipuzkoarako proposamenak hondakinen kudeaketa iraunkorra egiteko".

19:30 Jardunaldiaren amaiera.

Antolatzailea: Europako Legebiltzarreko GUE/NGL taldea (Europako Ezker Batua/Europako Iparraldeko Berdea).

Izen emateko epea, apirilaren 21era arte, errausketajardunaldia@gmail.com helbidean. Plaza mugatuak.

Apirilak 23, larunbata

11:00 Usurbilgo Errausketaren Aurkako Plataforma eratzeko batzarra Artzabalgo ekitaldi aretoan. "Gai honekin kezka izateaz gain, konpromisoak hartzeko prest dauden herritar guztiei egiten diegu deialdia".

Apirilak 26, asteartea

18:00 Usurbilgo udalbatzaren osoko ohiko bilkura. Beste gaien artean, erraustegiaren eraikuntzaren harira, mozio bat aztertu eta bozkatuko da.

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.