Hemen da, 4. Dantza Eguna

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 22a, 07:52

Dantza batean etorri bezala joango zaigu larunbat hau, apirilaren 23a, 2013. urteaz geroztik, Usurbilgo kultur eskaintzako agendan txoko propioa duen Dantza Eguna ospatuko dugu eta. Laugarren edizioa, indartsu dator gainera. Aurreko edizioetan jendartearen aldetik izan duen babes handiaz gain, oraingoan estreinakoz, Dantza Taldea bakarrik ez, Dantza Eguna bera diruz lagundu du Usurbilgo Udalak, ekimen hau sustatu eta antolakuntza lanetan parte hartzeko egiten duen apustuaren adierazgarri. Horri esker, “egun oso bat antolatzeko aukera izan dugu”, adierazi digute Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldetik.

Dantza Egun parte hartzailea izango da honakoa. Hiru zutabe nagusiren bueltan eraiki dute egitaraua; dantza taldeen topaketa goizean. Eta arratsalde parterako, erromeri gidatua. Iruñeako Ortzadar taldea dator Usurbila, goizean etxekoekin eta Donostiako Goizaldekoekin topaketan parte hartu, eta arratsaldean, “musika entzunez herritarrei dantza egitera animatzera. Arratsaldeko ekitaldi hau, herritarrak parte hartzeko eta ondo pasatzeko antolatu dugu. Ia sustatzen dugun dantza grin hori”.

Eta eguneko unerik zirraragarriena, gauean biziko dugu; azken hilabeteotan Udarregi Ikastolako lau hormen barruan ontzen aritu diren “Kanpaiak Jotzean” ikuskizunarekin. Ez da nolanahikoa mugitu duten jende kopurua, eta eginiko ahalegina. Orbeldi Dantza Taldearen esanetan, dantzari, antzezle eta teknikarien artean, guztira 70-75 bat lagun mobilizatu dituzte. Eta taldekide bakoitzak bere aldetik, nahiz kolektibo osoak hilabeteotan eginiko ahalegina itzela izan da. “Ilusio handia jarri dugu. Aurten inoiz baino entsegu orokor gehiago egin ditugu. Saiootan ikusten joan gara ze akats dauden, zer hobetu behar zen, zerri eman behar genion garrantzia, jendeak emanaldia hobeto ulertu ahal izateko”, adierazi digute dantza taldetik.

Usurbilgo misterio bati lotua

Aurreko urteetan harrera beroa izan du, eta txalotua izan da benetan, Dantza Eguna borobiltzeko usurbildarrek eskaini ohi duten ikuskizuna. Aurtengoari buruz ezin ezer aurreratu; pista moduan ordea esan daiteke, emanaldiarekin lotura estua duela kalean egunotan ikusiko zenituzten Dantza Eguna iragartzeko kartelak. Aurrean zabalik duen leihotik, Usurbilgo elizara begira ageri den lagun baten itzala ageri da kartelotan. Bigarren pista bat ere aurreratu digute antolatzaileek. “Misterio puntua izango du ikuskizunak. Herri honek duen misterio bati loturiko emanaldia izango da. Misterio horri erantzun bat eman nahian gabiltza”, adierazi digute dantza taldetik. Osagai aski erakargarriak baditu aurtengo Dantza Egunak. Larunbatean beraz, dantzara plazara.

Eta ez apirilaren 23an bakarrik. Dantza Taldean parte hartzera gonbidatzen diete baita herritarrei. Bereziki gazteei eta baita gizonezkoei ere.

Apirilak 23, larunbata

11:00 Dantza Taldeei harrera. Partehartzaileak:

- Ortzadar Dantza Taldea (Lekunberri).

- Goizaldi Dantza Taldea (Donostia).

- Orbeldi Dantza Taldea (Usurbil).

12:00 Kalejiraren hasiera. Herriko gune desberdinetan geldialdiak egingo dira dantza saioak eskaintzeko.

13:30 Ekitaldi Nagusia frontoian.

14:30 Dantzarien Bazkaria.

18:00 Erromeria frontoian, Ortzadar taldearekin.

22:30 "Kanpaiak Jotzean" ikuskizuna, Orbeldi Dantza Taldearen eskutik.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.