Maiatzaren 29ko giza-katerako txartelak salgai asteburuan

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 23a, 12:11

Errausketaren aurkako mugimendua egituratua dago, herri plataformak osatu dira erraustegiaren kokagunearen bueltan; Aiztondokoa Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkilen, Ipar Haizea Andoainen edota Aire Garbia Lasarten. Bada baita Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea eta zero zabor taldeak, Hernanin esaterako. Usurbilen erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko Erraustegia Erabakia herri plataforma osatu zuten udazkenean. GuraSOS izeneko erraustegiaren aurkako guraso taldea ere lanean da, indar biziz.

Aldiz, Usurbilen erraustegiaren aurkako talde erreferente baten hutsunea zegoela sumatu eta talde berri bat osatzeko batzarra egin dute larunbat goiz honetan Artzabalen.  Modu eraginkor eta azkar batean, elkartu, koordinatu, komunikatu, informazioa zabaldu eta ekimen edota deialdien aurrean arin mugitzeko bilgunea izan nahi du talde honek. Esan bezala, udalerri mailan erraustegiaren aurkako erreferentziazko taldea izatea. Bilgunea eratzeko batzarra izan da hain zuzen, larunbat goiz honetan Artzabalen egin eta herritar talde bat bildu duena.

Giza-katerako txartelen salmenta

Taldea, oro har, errausketaren aurkako mugimendu osoa bezala, maiatzaren 29ko hitzorduari begira dago; Donostiako Onkologikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzarekin lotuko duen osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katera  begira. 5 kilometro luze izango dituen giza-katea osatzeko 5.000 lagun beharko dira gutxienez. Tartean, 400 usurbildar beharko dira. Adi, Usurbilgo erraustegiaren aurkako taldeak, giza-katerako txartelak saltzeko mahaia jarriko baitu asteburu honetan bertan, Sutegi eta frontoi inguruan:

Erraustegiaren aurkako agenda

Apirilak 23, larunbata

19:00tik aurrera, Maiatzaren 29ko giza-katerako txartelak saltzeko mahaia Sutegi inguruan. Borondatearen truke banatuko dituzte. Gutxienez, 400 usurbildar beharko dira giza-katerako.

Apirilak 24, igandea

12:30tik aurrera, Maiatzaren 29ko giza-katerako txartelak saltzeko mahaia Sutegi inguruan. Borondatearen truke banatuko dituzte. Gutxienez, 400 usurbildar beharko dira giza-katerako.

Apirilak 26, asteartea

18:00 Usurbilgo udalbatzaren osoko ohiko bilkura. Beste gaien artean, erraustegiaren eraikuntzaren harira, mozio bat aztertu eta bozkatuko da.

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.

Goiko irudiaren egilea: erraustegiaren aurkako talde berria.