European Environmental Bureau-ko hondakin politikako arduradun Piotr Barczak, Usurbilen izan da

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 23a, 12:09

Luxuzko bisita izan dugu larunbat eguerdi honetan Usurbilen. Udalerri honetako hondakinen kudeaketa eredua ezagutzen izan da, European Environmental Bureau-ko hondakin politikako arduradun Piotr Barczak. Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteko kideen eta Usurbilgo Udalaren eskutik, udalerri honetako esperientziaren nondik norakoen berri jaso du.

Gipuzkoa eta Europa lotu zituen hondakinen errausketari buruz Donostian izandako jardunaldietan parte hartu zuen ostiralean. "Europar Batasunaren arauak eta hondakinen kudeaketa iraunkorra" izeneko hitzaldia eskaini zuen. ARGIAk jaso duenez, Barczak azken urteotan Gipuzkoa zero zaborrerantz jorratzen ari zen bide eredugarriaren esperientzia Europan zehar zabaltzen aritu da. "Gipuzkoa eredu da, arrakastaren historia da bertakoa", adierazi zuen. Baina, orain zerbait gaizki doala adierazi diote. Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko proiektua berpiztu izanari buruz dioenez, "orain esaten didate atzera egin duela Gipuzkoak 25 urte, oso tristea iruditzen zait". Erraustegiaren beharrik ez dagoela dio; "zabortegi eta erraustegietara bideratzen denaren %90 birziklagarria edo konpost-garria litzateke konpostatze planten bidez". Datozen urteotan bete beharreko erronkak gogorarazi ditu. "2020rako sortzen dugun zaborraren %50 birziklatu behar dugu eta 2030erako %70", Barczaken esanetan. Argi dio halere, "gure helburuak zero zabor izan behar du".

Piotr Barczaken lan jarduna eta geure inguruko hondakinen kudeaketa ereduaz duen iritzia ezagutu nahi baduzue, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak duela urtebete egin zion elkarrizketa batean esan zituenak ikusi eta entzun besterik ez dituzue. Bere adierazpenak, albiste honi atxikitako bideoan dituzue. Argi dio: "Erraustea ez da egun Europar Batasunean denon ahotan dabilen ekonomia zirkularra". Gipuzkoak hondakinen kudeaketan azken urteotako lorpenen artean, erraustegiaren aurka egindako lana goraipatzen du. Gipuzkoarrei buruz dio, "ulertu dute hondakinen erraustegia teknologia zaharkitua dela, gure airea kutsatzeaz gain, baliabideak galtzera eramaten duela. Hondakinak errausten ditugunean, dirua galtzen dugu, eta beste hainbat soluzio berri galtzen ari gara ekonomiarentzat, lanpostuentzat eta ingurunearentzat hobeak, merkeagoak eta eraginkorragoak diren soluzioak".