Dantzarien herria gaur, Usurbil

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 23a, 14:53

Dantza taldeen topaketa eta erakustaldi bikaina amaitu berri den honetan, 4. Dantza Egunean gara jada Usurbilen. Udalerri erdiguneko txoko ezberdinak lotu dituen kalejirarekin eman zaie hasiera ospakizunei. Topaketan parte hartu dute etxekoek, Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldekoek, Donostiako Goizaldi dantza taldekoek eta Ortzadar talde nafarrak. Adi, Ortzadarrekoak bueltan izango ditugu eta arratsaldean. Taldeak gidatuko duen erromerian, dantzan aritu eta trebatzeko aukera izango dugu. Antolatzaileek gauerako gorde dute, Dantza Eguneko hitzordu nagusia; azken hilabeteotan herriko dantzari eta antzezleak lantzen aritu diren emanaldia. "Kanpaiak Jotzean" herri ikuskizunaren estreinaldi mundiala, 22:30etan izango dugu frontoian.

Ordu batzuk barru ikusiko dugunaz bi pista baino ez. Emanaldiarekin lotura estua duela kalean egunotan ikusiko zenituzten Dantza Eguna iragartzeko kartelak. Aurrean zabalik duen leihotik, Usurbilgo elizara begira ageri den lagun baten itzala ageri da kartelotan. Bigarren pista bat ere aurreratu digute antolatzaileek. “Misterio puntua izango du ikuskizunak. Herri honek duen misterio bati loturiko emanaldia izango da. Misterio horri erantzun bat eman nahian gabiltza”, adierazi digute dantza taldetik. Gerturatu beraz arratsaldean erromeria girora, eta gauean, usurbildarren ikuskizunaz gozatzera.

Apirilak 23, larunbata

11:00 Dantza Taldeei harrera. Partehartzaileak:

- Ortzadar Dantza Taldea (Iruñea).

- Goizaldi Dantza Taldea (Donostia).

- Orbeldi Dantza Taldea (Usurbil).

12:00 Kalejiraren hasiera. Herriko gune desberdinetan geldialdiak egingo dira dantza saioak eskaintzeko.

13:30 Ekitaldi Nagusia frontoian.

14:30 Dantzarien Bazkaria.

18:00 Erromeria frontoian, Ortzadar taldearekin.

22:30 "Kanpaiak Jotzean" ikuskizuna, Orbeldi Dantza Taldearen eskutik.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.