Espainiako sektoreko txapeldun orde, Usurbil K.E.ko jubenil neskak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 24a, 13:40

Pozuelo de Calatravakoen aurka igande honetan jokatu duten neurketa 28-24 galdu berri dute Usurbil Kirol Elkarteko jubenil neskek. Gutxigatik bada ere, ezin izan dira sailkatu Espainiako Txapelketako azken fasea jokatzeko, horretarako, gaurko neurketa berdindu edo irabazi beharra baitzuten. Halere, ez ahaztu, Euskadiko txapeldunak ditugu jubenil neskak. Espainiako sektorean txapeldun orde amaitu dute. Asteburuko faseko hiru neurketatik bi irabazita, gogor  lehiatuta eta Estitxu Berasategi jokalaria ere saritu dute. Ez dira beraz esku hutsik itzuliko etxera. Egin duten denboraldia bikaina izan baita. Urrutira iritsi da taldea. Zorionak!

Asteburuko neurketa guztiak streaming bidez eskaini ditu Pozuelo de Calatravako eskubaloi elkarteak. Usurbildarrek jokatu dituzten neurketa guztiak osorik, esteka honetan klikatuta ikus ditzakezue: http://www.balonmanopozuelocva.com/sector-jf-2/streaming/

"Geuria da!"

Asteburu osoan, alboan izan dituzte usurbildarrak taldea animatzen, eta babes osoa eskaintzen. Atzo bezala. Asteburuko bigarren garaipena eskuratu zuten usurbildarrek. Espainiako sektoreko bigarren jardunaldia ere irabazi zuten jubenil neskek, tarte handiz gainera. 43-17 irabazi zioten EMD Aceuchal Extremadurako taldeari. "Geuria da!" eta "Usurbil txapeldun!" oihuak entzuten ziren partida amaitu berritan.

Garaitzen hasi ziren

24-20 irabazi zioten ostiralean usurbildarrek, asteburu honetan Pozuelo de Calatravan (Ciudad Realen) jokatu duten Espainiako sektoreko lehen neurketa, BM. Nazareno talde andaluziarrari. Usurbildarrak pozik asko ageri ziren neurketa amaieran. Ez zeuden bakarrik. Bertara joanak ziren zaletuen txalo eta animu oihuak entzun genituen. Etengabekoak izan ziren partida osoan zehar. Eta "Usurbil!" lau haizeetara oihukatzeaz gain, euskara ere irakurri genuen baita, Pozuelo de Calatravako Kiroldegiko horman: "Aupa Usurbil! Egurra nexkak!" zioen pankarta eseki baitzuten usurbildarrek.

Euskadiko txapeldunak

Duela bi aste Euskadiko txapelketako azken fasea jokatu eta irabazi egin zuten. Duela astebete, senior nesken taldekoek fase bera jokatu behar zutenean, haiek laguntzen izan ziren. Euskadiko txapeldun amaitu zuten baita. Taldearentzat erabakiorra zen hirugarren asteburu honetan, Espainiako Txapelketan, txapeldun orde amaitu dute. Zorionak!

Emaitzak

Apirilak 22, ostirala

Usurbil K.E. 24-20 BM. Nazareno

BM. Pozuelo de Calatrava 45-23 EMD Aceuchal

Apirilak 23, larunbata

BM. Pozuelo de Calatrava 28-27 BM. Nazareno

Usurbil K.E. 43-17 EMD Aceuchal

Apirilak 24, igandea

EMD Aceuchal 20-29 BM. Nazareno

BM. Pozuelo de Calatrava 28-24 Usurbil K.E.

Neurketen jokalekua: Pozuelo de Calatrava (Ciudad Real).