Maiatzaren 29ko giza-katean parte hartzeko izen ematea, Erraustegiaren Aurkako Taldeak jarriko duen mahaian

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 25a, 02:23

Usurbilek ere badu erraustegiaren aurka aritzeko erreferentziazko talde berri bat; Erraustegiaren Aurkako Taldea alegia. Larunbat goizean eratu zuten, Artzabalgo ekitaldi aretoan egin zuten batzarrean. Bilgunea osatu bezain laster, adierazi diguten moduan, "heldu dio lanari. Joan zen larunbatean eratzeaz gain, zenbait egiteko eta ardura ere banatu ziren bertaratu ziren usurbildarren artean". Taldearen lehentasun nagusia, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak maiatzaren 29rako 11:30-12:30 artean Donostiako Onkologikotik Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzara antolatu duen osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea ‎ lantzea izango da. Ordubeteko ekimenaren ostean, ekitaldia egingo da, Diputazio aurrean 13:00ean. "Egitaraua osatzen doan heinean, xehetasun gehiagotaz informatzen joango gara", adierazi digute Usurbilgo Erraustegiaren Aurkako Taldetik.

Halare adi, 5 kilometro luze izango dituen giza-katerako gutxienez 5.000 lagunen parte hartzea behar baita. Tartean, gutxienez 400 usurbildar beharko dira udalerri honi dagokion giza-kate zatia osatzeko. "Bertara joan nahi dutenek, konpromiso-orri bat jaso behar dute", jakinarazi dute talde eratu berritik. Orri hau jasotzeko, gerturatu datozen ostiral eta larunbatetan, Usurbilgo Erraustegiaren Aurkako Taldeak Sutegi ondoan jarriko duen mahaira. "Erronka, gutxienez 400 usurbildarren konpromisoak lortzea da", gaineratu dute bilgune berritik. Maiatzaren 29ko giza-katea girotzen hasteko, udalerri mailako giza-katea antolatuko dute maiatzaren 7-8ko astebururako. "Oraindik hainbat detaile lotzeke dauzkagu. Izango duzue honen berri", iragarri dute.

Erreferentziazko taldea, erraustegiaren aurkako borrokan

Errausketaren aurkako mugimendua egituratua dago, herri plataformak osatu dira erraustegiaren kokagunearen bueltan. Erraustegia inguratua dute bilguneok: Aiztondokoa Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkilen, Ipar Haizea Andoainen edota Aire Garbia Lasarten. Bada baita Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea eta zero zabor taldeak, Hernanin esaterako. Usurbilen erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko Erraustegia Erabakia herri plataforma osatu zuten udazkenean. GuraSOS izeneko erraustegiaren aurkako guraso taldea ere lanean da, indar biziz.

Aldiz, Usurbilen erraustegiaren aurkako talde erreferente baten hutsunea zegoela sumatu eta talde berri bat osatzeko beharra ikusirik, batzarra egin zuten larunbat goizean Artzabalen.  Modu eraginkor eta azkar batean, elkartu, koordinatu, komunikatu, informazioa zabaldu eta ekimen edota deialdien aurrean arin mugitzeko bilgunea izan nahi du talde honek. Esan bezala, udalerri mailan erraustegiaren aurkako erreferentziazko taldea izatea. Bilgunea eratzeko batzarra izan zen hain zuzen, larunbat goizean Artzabalen egin eta herritar talde bat bildu zituena.

Erraustegiaren aurkako agenda

Apirilak 26, asteartea

18:00 Usurbilgo udalbatzaren osoko ohiko bilkura. Beste gaien artean, erraustegiaren eraikuntzaren harira, mozio bat aztertu eta bozkatuko da.

Datozen ostiral eta larunbatetan

Ostiraletan 19:00tik aurrera eta larunbatetan 12:30etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katean parte hartzeko konpromiso-orrien banaketa mahaia Sutegi ondoan. Borondatearen truke banatuko dituzte. Gutxienez, 400 usurbildar beharko dira giza-katerako.

Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea.

Maiatzak 7-8ko asteburuan

Maiatzaren 29ko giza-katea girotzeko udalerri mailako giza-katea Usurbilen.

Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea.

Maiatzak 21, larunbata

Maiatzaren 20tik 22ra, proiektu suntsitzaileen (tartean erraustegiaren) aurkako Txirrinka bizikleta martxa gure artetik igaroko da, "Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!" aldarripean.

Informazio gehiago: http://ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzailea: AHT Gelditu! Elkarlana eta hainbat eragile sozial eta sindikal.

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.

Irudiaren egilea: Usurbilgo Erraustegiaren Aurkako Taldea.