Aldundiak egin nahi dituen azterketa epidemiologikoek bermerik ez, OEIT-rentzat

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 26a, 12:00

Erraustegiak herritarren osasunerako arriskurik dakarrenik ukatu arren, azterketa epidemiologikoak egin asmo ditu orain Diputazioak Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaren inguruetan. Foru Aldundiko Ingurumen Sailak lankidetza hitzarmena sinatu du Biodonostia izeneko Osasun Ikerketa Institutuarekin. Hitzarmen honen baitan, hiru garai ezberdinetan azterketa epidemiologikoak egin asmo dituzte: lehenengo azterketa erraustegia abian jarri aurretik, bigarrena erraustegia martxan jarri eta urtea bete aurretik, eta hirugarren azterketa, handik gehienez 5 urtetara. Ikerketa honen garapena Biodonostiatik eta UPV/EHUkoak edo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailekoak izango diren INMA (Infancia y Medio Ambiente) Proiektuko ikertzaileek zuzenduko dute.

"Beldurra dute"

Ikerketok bermerik gabekoak direla adierazi du, erraustegiak gaixotasunak eta hilkortasuna areagotzen duela frogatzen duten hainbat ikerketa daudela dioen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). “Adostutako ikerketek ez dute inolaz ere bermatzen Zubietan eraikiko den errauste plantak gaixotasunak sortuko ez dituenik. Izan ere 10 urtetik gora behar da toxikoek sortuko dituzten gaixotasunak ezagutzeko; eta urte bete lehenago, lehenengo urtean edo 5 urte beranduago ikerketek ez dute osasunean inongo eraginik aurkituko. Gainera, toxikoen ikerketak egiteak, ez du esan nahi ikerketa epidemiologikoak egingo direnik, hau da, igorriko diren toxikoen maila neurtzeak ez du bermatzen gaixotasunik ez eragitea. Izan ere, toxiko maila txiki batek ez du gaixotasunik ekidingo.
 Honekin argi geratu da, beldurra dutela osasunean sortu daitekeen eraginaren aurrean eta iragarritako ikerketekin ezingo dute heriotza, minbizi edo sortzetiko malformazio gehiagorik sortzerik ekidin”, adierazi du OEIT-k sare sozialen bidez.

Taldeak erraustegia gaixotasunekin lotzen duten nazioarteko ikerketa ezberdinen datuak ezagutarazten jarraitzen du, herriz herriz eskaintzen ari diren hitzaldietan. Hurrengo saioa, ostegun honetan, 19:00etan, Urnietako Lekaio kultur etxean. Jose Luis Paulin eta Jose Maria Tallon medikuek parte hartuko dute. Egun eta ordu berean, Lezon ere hitzaldia eskaintzekoak dira Oroitzene AEK euskaltegian, Koro Zabaleta eta Xabier Fernandez medikuak. OEIT Donostiako Udaleko Hondakinen Batzordearekin bildu zen atzo. Erakunde eta eragileekin bildu dira azken asteotan.