Errauste-planta proiektuari, bat eginda erantzuteko deia egin du Usurbilgo alkateak

Noaua Aldizkaria 2016ko api. 26a, 00:41

Amaitu da apirilari dagokion ohiko osoko bilkura. Ohi baino iraupen luzeagoa izan du oraingoan. Eztabaidatu eta bozkatzeko gai zerrenda luzeagoa zuten udal ordezkariek. Eta kezka eragiten duten gai zehatz batzuen bueltan hitz egiteko ere tarte luzeagoa hartu dute. Esaterako, erraustegiaren inguruan  EHBilduk aurkeztu duen mozioa jorratu dutenean. Bi puntuko testuan erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uztea eskatzen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta alkateari Gipuzkoako gainerako alkateei eskutitz bat bidaltzea, "non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien".

Aurkako bozkarik ez du jaso mozioak, baina PSE eta EAJ-ko udal ordezkariek abstenitzea erabaki dute. EHBilduren aldeko bozkekin, gehiengo osoz onartu da. Aurretik, udal ordezkarien adierazpenen txandan, aurretik gai honi buruz eginiko batzordean luze eta zabala hitz egin zutela esatera mugatu da EAJ. Ildo beretik mintzatu da PSE ere. Fermin Orue-Echevarriak gainera, lehenbizi erraustegiari buruz iragarria dagoen herri galdeketa egin eta galdeketa horretako emaitza horren arabera, gero Udalak hartu ditzala proiektu honekiko hartu beharreko erabakiak, proposatu du.

Gobernu taldetik gogorarazi die, erraustegia eraikitzeko lanak esleitzear dituztela, "egutegia gainera datorkigu" zioen alkateak. Eta honenbestez, "zerbati egitekotan orain da unea" zioen Xabier Arregik. Horrekin batera, bi gonbita luzatu dizkie EHBilduk oposizioko bi alderdiei; batetik, gai honetan "elkarrekin joatea", etxe ondoan eraiki nahi diguten proiektuari udalerri bezala bat eginda erantzutea. Gogorarazi dutenez, erraustegia kaltegarria izango da ingurune eta herritarren osasunarentzat, "finantziazio bide toxikoa" du eta udalerri hau eta beste hainbat jorratzen ari diren bidean atzerapauso handia suposatuko du.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak ezagutzera eman dituen datuak ere ahotan hartu ditu gobernu taldeak. Edozein zalantza edo kezka izanez gero, taldea eragile eta erakundeekin biltzen ari denez (tartean, Donostia eta Lasarteko dal ordezkariekin bildu da egunotan), haiekin bilera egin daitekeela.

Hondakinen kudeaketaren gaiarekin jarraituz, iragarpen bat egin du Udalak: 2015 eta 2016an egin bezala, aurtengorako San Marko Mankomunitateak onarturiko aurrekontuak eta tasen igoera auzitara eramango dituela iragarri du.

Eta gai honi loturiko azken ohar bat. Erraustegiari buruzko mozioa jorratzen ari zirenean, alkateak berak adierazi du, martxoa hasieran bidali zutela erraustegiari buruzko galdeketa antolatzea eskatzeko baimena Madrilera, baina momentuz ez dutela inongo erantzunik jaso.

Gai guztion inguruan zabalago informatzen joango gara. Momentuz, hemen dituzue astearte honetako osoko bilkuran landu diren gaien bozketan izandako emaitzak:

Bozketen emaitzak

1.- Aurreko akten onespena:

*2016ko otsailaren 23ko ohiko bilkura. *2016ko martxoaren 22ko ezohiko bilkura.

2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko martxoaren 15etik apirilaren 15era (2016/0268- 2016/0355).

3.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bategineko Araudiko 37., 53., eta 54. artikuluen Aldaketa puntuala (01 aldaketa). Behin betiko onespenerako dokumentu osatua onartzea.

Bozketa: aho batez onartua.

4.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 (Txagañeta) Sektoreko Ezaugarri Fitxaren Aldaketa puntuala (10 aldaketa). Behin betiko onespenerako dokumentu osatua onartzea.

Bozketa: EHBildu eta PSE alde. Abstentzioa: EAJ-PNV.

5.- 2016/0285 dekretua berrestea: San Marko Mankomunitateko Batzarrak 2016-01-26an harturiko erabakia (udalen ekarpenak zehazten dituen atala) auzibidera.

Bozketa: EHBildu eta PSE alde, EAJ-PNV aurka.

6.- 2016/0286 dekretua berrestea: San Marko Mankomunitateko 2016ko aurrekontuen behin betiko onespena auzibidera.

Bozketa: EHBildu eta PSE alde. EAJ-PNV aurka.

7.- Berri ematea: 2016/90001 kreditu txertakuntzaren aldaketa dela eta, Udalak gastuaren araua ez du betetzen.

8.- Mozioa: Etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko aukera izateko eskubide subjektiboari eta etxebizitzarako prestazio ekonomiko berriari buruzko arauzko garapena.

Bozketa: PSE eta EHBildu alde. Abstentzioa: EAJ-PNV.

9.- Mozioa: Europar Batasuneko Estatu eta Gobernu buruek Turkiarekin izenpetutako aurreakordioaren ingurukoa.

Bozketa: aho batez onartua.

10.- Mozioa: Erraustegiaren eraikuntza dela eta.

Bozketa: EHBildu alde. Abstentzioa: PSE-EE eta EAJ-PNV.

11.- Mozioa: Usurbil-Lasarte-Oria-Ospitalea lotzen dituen T2 eta T6 autobusen zerbitzuan murrizketak ez egitearen alde.

Bozketa: aho batez onartua.

12.- Mozioa: Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzaren (AGI) murrizketa.

Bozketa: EHBildu eta PSE alde. EAJ-PNV aurka.

13.- Galdera-eskaerak.